Irizpidea eman du auzitegiak, eta ez diola helegiterik jarriko esana du Eusko Jaurlaritzak, beraz igandetik aurrera itxiera perimetralak agintzeko eskumenik ez du izango Eusko Jaurlaritzak, ez autonomia erkidegoarentzat, ez herrialdeentzat, ez eta herrientzat ere. Alarma egoera larunbatetik iganderako gauerdian bukatuko da; hortaz, igandetik aurrera libre izango da mugitzea batetik bestera, Hegoaldean behintzat, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada bitartean. Etxeratze agindua ere bertan behera geratuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere kendu egin du auzitegiak.
Administrazioarekiko Auzien Salak ebatzi du estatuko lege batek soilik ezarri ditzakeela oinarrizko eskubideen kontrako murrizketak, eta autonomia erkidegoek ezin dutela osasun legeetan oinarrituta halako murrizketarik agindu.
Jaurlaritzaren Labi batzordeak ostiral arratsalde honetan du bilera, 16:30ean, eta horretan erabakiko du bere asmoak nola egokitu. Okerrik ezean, larunbatean argitaratuko du aldizkari ofizialean, eta igandean sartuko da indarrean dekretu berria, baina ezingo ditu herritarren joan-etorriak mugatu. Nafarroako Gobernuak dagoeneko esana du herrialdetik ateratzeko aukera emango diela bertako bizilagunei, beraz Hego Euskal Herrian joan-etorriak libre izango dira igandetik aurrera.
Nafarroako Gobernuak ere prestatu du dekretu bat, alarma egoera amaitu osteko egoerara prestatzeko, eta igandean sartuko da indarrean hori ere. Jakina da mugak zabalduko dituela, baina ez dago argi etxeratze aginduarekin zer gertatuko den. Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez du bere dekretua auzitegira igorri indarrean sartu aurretik, eta beraz, teorian bederen, etxeratze agindua indarrean egongo da, 23:00etatik 06:00etara, momentuz. Auzitegiak ondoren erabakiko du murrizketa hori mantendu dezakeen edo ez, baina litekeena da ebazpen hori ez egitea asteartea baino lehenago.
Eusko Jaurlaritzak dekretua egokitu beharko du argitaratu aurretik, eta Labiren bileran hori egitea espero da, gaur. Joan den asteartean auzitegira igorri zuen dekretuaren zirriborro bat, auzitegiak argitaratu aurretik aztertu zezan horretan proposatutako neurriak legezkoak ote ziren, urriaz geroztik Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren legeak eman baitie, orain arte, oinarrizko eskubideen murrizketa horiek egiteko aukera. Administrazioarekiko Auzien Salako epaile nagusi Luis Garridok eman du ebazpena; otsailean eremu gorriko tabernak ixteko debekua kendu zuen epaile bera da.
Auzitegiaren epaia jasota, orain zirriborroa egokitu beharko dute, eta larunbata arte ez da haren eduki zehatza ezagutuko, orduan argitaratuko baita aldizkari ofizialean. Jaurlaritzak, asteartean auzitegiari igorri zion dekretuaren zirriborroan, proposatzen zuen orain arteko murrizketa berekin jarraitzea, eta intzidentzia tasaren arabera itxiera perimetralak ezartzeko aukera jasotzen zuen, besteak beste.
Fiskalak asteazkenean aurreratu zuen bere jarrera. Jaurlaritzaren txostena aztertuta, iragarri zuen ez zituela legezkoak ikusten herritarren mugikortasuna mugatzeko proposamenak, ez lurralde artean mugitzeko, ez ordutegiak mugatzeko ere. Etxeratze agindua ezar zitekeela ere zalantzan jarri zuen beraz. Legelariek eta adituek ere esana dute igandetik aurrera «ziurgabetasun» egoera bat sor litekeela, ez baitago argi egoera berrirako helduleku juridikoak zeintzuk izango diren.
Egilea: Mikel P. Ansa