Elkarbizitzarena gai korapilatsua izan da betidanik Nafarroan. Herritar askok beren burua nafar gisa identifikatzen duten modu berean, atzean nafar izaera ulertzeko hamaika aburu badira. Eta horrek bete-betean eragin du elkarbizitzan, bai iraganean, bai eta, nola ez, orainaldian. Aurrera begira, berriz, etorkinek gizartean duten gero eta parte hartze handiagoaren ondorioz Nafarroaren berezko identitate aniztasuna are gehiago aberastuko da, baina ikuspegi berriek gatazka berriak sor ditzakete, baldin eta elkar ulertzeko bideak lantzen ez badira. Eusko Ikaskuntzak elkarbizitzaren arantzak atera edo bederen limurtzeko moduei buruz hausnartu zuen atzo.
Iruñeko Civicanen, gaiari buruzko bi mahai inguru antolatu zituen. Lehenengoan, konfiantza sortzeko orduan, Kataluniako eta Ipar Irlandako esperientzien berri eman zuten Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko kideak eta Gilen Garcia ikerlariak. Bigarrenean, berriz, Nafarroako errealitateari erreparatu zioten Carmen Innerarity, Jorge Urdanoz eta Lohizune Zuloaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek. Zehazki, gogoeta egin zuten desberdintasunak bideratzeko gizarte demokratiko batek landu beharreko erremintez.
Lehen mahai inguruan, Jaume Lopezek azpimarratu zuen politikan maiz ahaztu egiten dela osagai emozionalak jokatzen duen rol erabakigarria. Emozioen bidez, herritarrengana modu errazago eta sakonago batean hel daiteke; alderantziz, logika arrazional batetik, konbentzitzeko datu guztiak alde izan arren, zailago izan daiteke heltzea, baldin eta osagai emozionala falta bada.
Ideia horrek eztabaida piztu zuen gaia Nafarroara ekartzerako orduan. Carmen Innerarityren arabera, analisi politikoetan alde emozionalak «gero eta garrantzia handiagoa du». Emozio horietako batzuk, alabaina, kutsu negatiboa izan dezakete. Adibidez, beldurra izatea «immigrazioaren aurrean nork bere identitatea galtzeari edo hizkuntza politiken ondorioz Nafarroako estatusa aldatzeari».
Innerarityren ustez, alde emozional hori gailendu egin da politikan, eta diskurtsoaren polarizazioa eragin dute. «Azken urteetan arerioa iraindu egin da, eta emozioak aldarrikatu dira hautesleak mobilizatzeko. Testuingurua zabalagoa da. Izan ere, azken urteetan boto aldakortasun handia izan da alderdien artean, eta boto galerari aurre egiterakoan alderdiek printzipioetan irmoago agertu nahi dute, euren hautesle tradizionalak ez galtzeko». Nafarroaren kasuan, hori euskararen gaian islatu da batez ere. Innerarityren irudiko, «diskurtso emozional horren tonua leundu egin beharko litzateke».
Jorge Urdanoz haratago joan zen, eta pasioen arriskuaz ohartarazi zuen. «Pasioak gatza jartzen dio bizitzari eta gauzei zentzua eman, baina politikoki munstroak ere eragin ditzake, pertsonak bere buruari ezarritako betebeharrei mugarik ez dielako jartzen».
Gaia Nafarroara ekarrita, euskararen gaian pasioaren osagai hori birplanteatu egin beharko litzatekeela uste du Urdanozek. «Zer da euskara pertsona askorentzat? Norbanako bakoitzaren eskubideak kudeatzeko modu bat da, ala, beste muturrera joanda, mundu guztiak euskaraz hitz egingo duen eta eskubide indibidualak kontuan hartuko ez dituen amets bat? Ez da ez bata ez bestea, baina gizartean egun diren bi mutur islatzen ditu».
Urdanozek iradoki zuen pasioa leundu beharko litzatekeela eta «zenbaitek» euren exijentziak «birplanteatu» egin beharko lituzkeela. Aldi berean, mahai gainean jarri zuen zonifikazioak egun ez duela zentzurik, baina, aldi berean, hizkuntzak tokiko errealitate soziolinguistikoari erantzun behar liokeela: adibidez, Castejonen, herritarren %17k arabiera egiten badu, akaso, mahai gainean jarri beharko litzateke arabierazko eskaintza egitea. «Ez gara horraino iritsi, baina agian eztabaida ireki behar da».
Haren irudiko, euskararen eskubideez hitz egiterakoan, gogoan hartu behar da eskubide orok betebeharrak sortzen dizkiela gainerakoei, eta hizkuntz politiketan gatazkak ohikoak badira ere, tokian tokiko eskarian oinarritu beharko liratekeela.
Feminismoaren ekarpena
Aniztasuna kudeatzerako orduan, ikuspegi feminista tresna bat izan daitekeela uste du Lohitzune Zuloagak. Izan ere, patriarkatuak tradizionalki errealitate dikotomiko bat aurkezten duen bitartean —irabazle eta galtzaileen artekoa, edo biktima eta erasotzaile artekoa, kasu—, feminismoak bestelako gerturatze baliagarriago bat egiten duelakoan dago. «Gatazkak kudeatzerako orduan, emakumeek gizartean izan duten lekua dela-eta, beste modu alternatiboak garatu dituzte, eta interesgarria izan daiteke horiek instituzioetan praktikan jartzea».
Haren arabera, harremanak lantzeko beste logika horizontalagoa planteatzen du feminismoak. «Ez dut esan nahi organigrama aldaketa bat, jarrera aldaketa bat baizik: zer posizio duzun aurrean duzun horrekiko, besteen esperientzia ezagutu eta ulertu nahian, harekin bat egiten ez bada behintzat bere egoera zein iritzia ontzat ematea...».
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide