Alderdiak hasi dira fitxak mugitzen Nafarroan

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko eka. 25a, 00:00

Bi urte igarota eta pandemia bat tarteko, legealdiaren erdia gainditu da Nafarroan. Atzo, urte politikoko azken osoko bilkura egin zuen parlamentuak. Egunerokoaren arrapaladan, halako datek norabideari buruz hausnartzeko balio dute: azken bi urteetan egindakoaren balantzea egin, proiektu bakoitza non den aztertu eta aurrera begira norantz jo behar duen ikusi. Bi urte geratzen dira hurrengo foru hauteskundeetarako, ustez. Horren jakitun, hasiak dira taula politikoan fitxak mugitzen.

Mugimendurik esanguratsuena UPNk egin zuen iragan asteburuan. Javier Esparzak barne eztabaida bat ireki du militanteen artean Navarra Sumari buruz. Proposamen hori egiteak berak agerian utzi du gutxien-gutxienez zalantzak dituela eskuin koalizioari buruz. Ez dago argi , ordea, koalizioa desegin nahi duen, bazkideen arteko indar korrelazioa aldatu nahi duen, edo zuzenean Ciudadanos ekuaziotik kendu nahi duen.

Izan ere, 2019an, UPNk nahiago izan zuen marka politikoa behin-behinean desagerrarazi, eskuinaren zatiketa posible baten higadura jasan baino. Horretarako, PPri bi eserleku egokitu zizkion garai hartan parlamentutik kanpo geratzeko arrisku handia zuen, eta Ciudadanosi, hiru. Bi urte geroago, baina, bazkideen arteko indar harremana aldatu egin da, eta baliteke UPN deseroso egotea.

Asteon, PPk eta Ciudadanosek adierazi dute Navarra Suman jarraitu nahi dutela. Bere ahuldadearen jakitun, C's-eko Carlos Perez Nievasek zehaztu du «zerrenden banaketa eta ordezkaritza» ez direla arazo izango. Perez Nivasek onartu du «normalena» dela beren posizioa berrorekatzea. PPk, berriz, esan du 2019an baino «nabarmen indartsuago» dagoela, eta koalizioaren negoziazioetan hori jaso beharko dela. Denborak esango du bakoitza noraino amore emateko prest den.

Navarra Sumaren arazoa da hogei parlamentarirekin ez dela gai gobernua osatzeko, eta, ezintasun horren aurrean, PSNri botatzen diote errua. Oposizioa egiterako orduan ere, Uxue Barkosen gobernuaren aurka erabilitako argudio berak eta, tonuari dagokionez, oldarkortasun bera erabili ditu Esparzak Txibiteren gobernuaren aurka.

Txibite berriro

PSNk, berriz, eroso dirudi egoera horretan. Koalizio gobernua izanik ere, lema sozialisten gidaritzapean dago. Pandemiaren okerrena pasaturik, ondorio ekonomikoen eta sozialen kudeaketak markatuko du hurrengo bi urteen noranzkoa. Baliteke suspertze plana eta Europako Batasuneko Hurrengo Belaunaldien inbertsioak izatea apustu nagusietako bat. Alderdiari begira, ondo dagoena ez du ukitu nahi, eta Maria Txibitek jada aurkeztu du hautagaitza idazkari nagusia izateko. Aise berrituko du kargua. Horrek ez du esan nahi UPNrekin hitzartzen zeneko garaien nostalgikorik ez dagoenik sozialisten ingurune politikoan. Testuingurua aldatuko ote den zain daude.

Ahal Duguk eta Ezkerrak ondo dakite hori. Legealdi honetako apustua berretsi dute, baina, bakoitza bere ñabardurekin, kritiko azaldu dira gobernuarekin hainbat arlotan: zerga politika, AHTren aldeko apustuaren eta Caparrosoko behitegiaren kudeaketa.

Gobernua ezkerrerantz baldintzatu dezaketela uste dute, eta etorkizunean eskuinarekin ituna egiteko PSNren edozein tentazio eragozteko asmoa dute. Egun, bi taldeen artean hiru parlamentari baino ez dituzte. 2019an ez ziren gai izan hauteskundeei begirako akordio bat lortzeko, ez udaletan, ez parlamentuan. Orain, negoziazioari ekin berri diote Ahal Duguk, Ezker Batuak eta Batzarrek. Hauteskundeak alde batera utzita, ez da baztertzen antolamendu arloko akordioa erdiestea. Testuinguru horretan, Nafarroako Ezker Batuak eta Ahal Dugu-k beren zuzendaritzak berritu dituzte. Ahal Dugu-ren kasuan, Begoña Alfarok irabazi zituen primarioak.

Geroa Baik ere bere profila markatu nahi du. Uxue Barkosek aldarrikatu du gobernuari leial direla eta aldi berean kritiko direla. Azkenaldian, Audenasari iazko trafiko jaitsieragatik ordaindutakoak eta euskararen dekretuak tentsioak eragin ditu PSNrekin. Madrilgo gobernuaren aurrean inertziaz jokatzea ere aurpegiratzen dio Txibiteri. Koalizioaren barruan, Geroa alderdi berria osatu da. Dena den, ez da aldaketarik espero, eta oraingoz proiektua Barkosen lidergoan oinarritzen da.

EH Bilduk bi urteotan lortu du sozialistek beren aurkako betoa kendu eta harremana erabat normalizatzea. Adibidez, azken bi aurrekontuak aurrera ateratzeko funtsezko izan dira. Legealdiaren hasieratik argi utzi du PSN Navarra Sumarengandik aldentzea dela xedea. Dena den, gobernuaren aurkako tonua gogortu du koalizio abertzaleak. Kutsu sozialeko neurriez gain, beste hainbat kontutan «marketin ugari» antzematen dio. Zerga politikan eta hizkuntz politikan, kasurako, oso kritiko da. Batzar nazionala egin berri, lurraldeetako zuzendaritzak ere berritu ditu, Nafarroakoa barne. Miren Zabaleta izango da koordinatzaile nagusi. Bi urteotan koalizioa zabaldu eta eremu berrietara iristea jarri du xede.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide