Hauteskunde hauetan ziloan sartu gara oraino gehiago: hiru boto emaileetarik biga, etxean egon dira Frantzia mailan. %80 gazteetan! Behin ere ez zen horrelakorik ikusi. Zenbaiten arabera Txinako sukarraren ondorioa liteke! Beherakada hasia zen sukar hori bazenez ere ez genekielarik. Zinezko arrazoia ez ote liteke, hauteskundez hauteskunde, hautetsien sinesgarritasuna apaltzen ari dela? Boto emailek ez dute ikusten zertarako behar luketen botua eman. Aments guziak galtzen ari dira.
Macron jauna, Hollande eta Alderdi Sozialistaren umea da eta Frantziako Alderdi Sozialista ehortzi du. Vals, Hollanden lehen ministro ohia Kataluniako eskuinerat joan da! LREM Macronen alderdia gorenean zelarik duela hiru urte, beste guziei nagusi, arta eztigarrietan sartua da. Iparraldeko hiru ordezkariak galdu dituzte igandean. Frantziako alderdi nagusia izana da Alderdi Komunista, militante suharrez aberats. 1962an %25 egiten zuen hauteskundeetan : eskutan zeukan azken departmendua galdu du igande honetan. L'Humanité bere egunkaria 400.000 aletan saltzen zelarik, 32.000tan da gaur egun. RN, Le Penen alderdia, zundaketa eta kazetari guziek deneri nagusi ikusten zutelarik, zoko batean dago burua apal. Nolaz jautsi dira denak hein horretarat? Nolaz ez dute gehiagoko arrakastarik boto emaileen begietan?
Joan den hilabetean dute bozkatu bioetika lege berria, hainbeste eztabaida eta kalapitaren ondotik. Zenbat boto emailek dakite, beren diputatu eta senatariek alde ala kontra eman duten botoa? Zenbatek dakite zer arrazoien gatik dute egin beren hautua? Beren besaulkian jarriz geroz, nahi dutena egiten dute eta nahi lukete jendea osteka joan dadin botoa ematerat. Politena hauxe da: bioetika-legeaz botoa eman duten arrats hartan, 84k alde bozkatu dute, 43k kontra eta hiruk ez dute botorik eman. Ongi egin gehiketa. 577 diputatuetarik 130 ziren lerro-lerro diputatuen biltzarrean. Besteak, beste 447ak, beren ohean zurrungan lo! %83,4 abstenitu dira. Joan den igandean Frantziako gazteen artean baino handiagoa izan da abstentzioa, beren lana politika dutenen artean! Beren dirua horretarik irabazten dutenen artean!!! %14,5 diputatu aski izan da, hain minbera den lege hori Frantzia osoarentzat bali izateko. Erran digutenaz, hain garrantzitsua zelarik. Eta gero negar eginen dute baizik eta jendeak etxean egoten direla? Ez dutela botorik ematen!
Hauteskundeak aitzinttoan, Conseil Constitutionnel, auzitegi gorenak, murgiltze klaseak debekatu ditu, dakizuen bezala. Gertatzen dena da, azken hamahiru urte hauetan, baxoari doakionaz, urte oroz, bat bakarra huts egin gabe, bana beste, Seaskako gazteak lehen ateratzen direla, bai Frantzia osoa mailan, bai departemendu mailan. Zertan oinarritzen dute beren erabakia juje horiek?
Eta nor dira? Horietarik bat, Alain Juppé, bere alderdiaren kutxa eta Estatuarenaren arteko diferentzia ez ikusirik, auzitegiak kondenatu zuena. Sursia-rekin, erran nahi baita lehen aldikotz barka, baina kondenatu, hobendun ekarri. Eta hona non Diputatuen Biltzarreko lehendakariak hobendun ekarri lapur bat hautatu duen Frantziako auzitegi gorenean juje izateko, guk hautatu diputatu eta senatarien gehiengo handiaren benedizioarekin. Eta harrituko zarete, jendeak beren etxean egon daitezen, botoa ematerat deituak direlarik?
Gure hautetsiek zuten Europako Banku Zentraleko buru izendatu Mario Draghi, Goldman Sachs bankuko buruordea, Grezia lagundu ondoan kontu faltsuak Europari ematen, Europa Batuan sartzea eskatu zuelarik. Haiek dute Europako buru izendatu Juncker, paradisu fiskaletan handienetarik den Luxenburgoko lehendakari ohia.
Bestalde, boterea eskuina ala ezkerraren eskuetan izan, gure aberats puxanteenen dirua bakean dago parabisu fiskaletan, mila milioika. Mihi gaixtoek diote, ez lekiketela zer egin diru horrekin hemen berean gure hautetsiek. Mihi gaixto horien beren arabera, zerga-biltzaileek lan gehiegi dute Heletako okina bai eta Irisarriko harakinaren kontrolatzen eta astirik ez, sudurra, dirudun handien kontuetan sartzeko. Gertatzen dena da, boto emaileek ez dutela mihi gaixtoetan sinesten. Are gutiago eskuin eta ezkerreko politikarietan.
Entzuna ote duzue, urte batez (2019an) 605 nekazarik beren buruaz beste egin dutela Frantzian? Ja ja, egunean bik! Nonbait bada zerbait joan ez dena. Urteak jin, urteak joan, zer egiten dute gure hautetsiek izurrite horren aurka? Eta nahi lukete nekazariak laisterka joan diten "meriako mahain saindutarat" Manex Pagolak kantatzen zuen bezala?
Hemen berean
Hemen berean, nolako aipaldiak ez ditu izan etxebizitzaren arazoak azken denbora hauetan! Lanean hemen ari direnek nolaz dituzte hain nekez aurkitzen bizitegiak, turistentzat ez delarik arazorik? Nolaz dituzte beren bi edo hirugarren egoitzak hemen eraikitzen, Parisko dirudun puxantek, ezinezkoa delarik hemen bizi direnentzat? Nolaz dituzte kostaldeko auzapez zenbaitek, urte oroz ikaragarriko isunak pagatzen estatuari, beren herriaren gostuz, ez dutelakotz legeak manatu etxebizitza sozialik egiten? Nolaz eman ditzakete bigarren etxebizitza berriak eraikitzeko baimenak, etxebizitza sozialak eskas dituztelarik. Unibertsitatean ez ibiliak eta herritarrek ez dute eskolarik aski misterio horren zulatzeko. Are gutiago, zergatik egiten duten hautu hori, herritarrak eta hemen, urtean zenbait egun baizik pasatzen ez dutenen artean. Zergatik behar duten hemengo langileek Landesetarat joan egun guziez, lo egitera. Eta politikariek ez dute ikusten zergatik ez diren jendeak xintxo-xintxo joaten botoa ematerat?
Ezkerra eta eskuina? Udal hauteskundeetan, duela zenbait hilabete, Labadot komunistaren alde bozkatu dute Mauleko abertzaleek. Aldi honetan, Labadotek garbiki erran du ez dela Abertzaleen alde bozkatu behar, eskuinak irabaziko badu ere. Zinezko sinesterik ba ote da politika munduan? Frantzia mailan Labadot asko bada. Eta Mauleko abertzaleen konfiantza Labadot baten baitan!
Nola ez aipa nekazaritza? Entzuna ote duzue, Pirinio mendietan, urte bakar, 112 ardi, 32 behi, zortzi zaldi eta 29 erle hil dituztela hartzek, legeen baimen osoarekin. Aldiz, primadera honetan basurde bat eta bi basahuntza tiroz hil baitituzte BAB alde honetan, entzun ote duzue den mendreneko protestarik horren kontra eskuin ala ezkerretik? Basahuntzak, hartzak baino lanjerosagoak dira? Noren alde emanen dute botoa gure artzainek?
Azken egunetakoa da. Ongi ezagutzen dugun Boli Kostatik ihesi joanik, Yaya Karamoko ito da Bidasoan. Beste 20.000 Mediterraneoan azken urte hauetan. Nehork ez daki zenbat, amentsetan uzten gaituen Saharako basamortu miresgarrian. Baionan pausa egiten dutenetan gehienak Ginearrak dira. Badakikezue Gineako BPG urtean 2.039 euroko dela. Espainiakoa 38.171koa delarik. Gure botoek hautetsi egin dituzten horiek uste ote dute horrek iraun dezakeela? Zer egiten dute Afrikarrak ez diten beren herritik ihesi joaterat bortxatuak izan? Etorkinak ez ditzakezula jasan? Egon daitezela beren herrian? Zer litezke gure futbal taldeak, beltz eta arabeak gabe? Zenbat mediku Afrikar hemen gaindi, han berean eskas dituztelarik? Ginean zortzi mediku dauzkate 10.000 jenderentzat eta Espainian 39. Hangoek etorri behar dute gure lauzkatzerat? Zer diote gure hautetsiek horretaz?
Aste honetan bi aipaldi izan ditu egunkarian kostalde horretan bere zakurra jo duen gizon batek: auziperatua izanen da. Egun berean irratian entzun dut Tunisian estreinatu dituztela emigratuen hilerri berriak, erdi usteldurik itsasoak bota hilak ehorzteko, haur eta ñiñi barne. Zenbat aipaldi gure hautetsien agerietan?
Bada besterik. Denek badakigu lurraren geroa bera zalantzan dela. Nehork ez dezake erran gure haurrak gure adinerat heltzen ahalko diren ala ezin bizia izanen den lehenago, gure lur maite honetan. Gure gehiegikerien ondorioz. Aire, lur eta urerat bota ahala jaurtitzen ditugun zikinkerien ondorioz. Joan den astean, GIECen azken txostenaren berri izan dugu. Aldi oroz gertatzen den bezala, aitzinekoa baino ilunagoa oraino. Begira gure hautagaiek hauteskundeen karietarat plazaratu diguten literatura. Zeinek ez du gorapena goraipatzen? Zeinek ez du azpimarratzen bere herriko jendetzea goiti doala. Kutsaduraren etsai amorratuak direla diote bainan ez digute erraten gorapen horrekin, beribil gehiago eta hegaztin gehiagorekin, nola ez duen goiti eginen kutsadurak.
Baionan, Industria eta Komertzio Ganberak nolako espantuak ez dauzka, laster Bokalen idekiko den altzairutegi berriaz! Ez digute erraten zenbat itsasontzi, kamioi eta beribil gehiago ekarriko digun, araberako kutsadurarekin. Baina, ala fede! kutsaduraren aurkakoak dira. Ez digute erraten zenbat hektarea lur kenduko dizkieten nekazariei, langile berrientzat beharko diren etxe, bide, aparkagia, kiroldegi, eskola berri eta gaineratiko eraikitzeko. Araberako kutsadurarekin.
Ezin ukatua, abstentzioak goiti egiten duela. Gure herritarrek herriko harat-honatetaz daukaten axola ttipiaz nigar egiteko partez ez ote liteke hobe, gaitz horren iturria zein den bilatzea, zergatik ez duten gehiagoko konfiantzarik beren hautetsien baitan?
Izar bat halere zeru beltzean. Hemengo gazteek botoa eman dute eta abertzaleok gora egin dugu. Duela 6 urteko emaitzei konparatuz, %16,8 boto gehiago bildu dugu, abstentzioak goiti egin duelarik. Angeluko boz kopurua %16,4z goititu da, Baiona erdikoa %19,6z, Uztaritze aldekoa %23,5ez, Mendialdekoa %26z, Baigura aldekoa %48z, Hendaiakoa %64z eta Doniban Lohizungoa %101,6z. Berriz ere azpimarratzen dut, izigarriko abstentzioa izanagatik, abertzaleen boz kopurua orokorki %16,8z goititu da. Gogoan ditudalarik gure amentsa %5 egitea zen garaiak, kanpainako gastuak ordainduak izateko! Nola ahantzi Manex Goihenetxek %2 egin zuen hauteskunde haiek! Abertzaleok lehen atera gara 42 herritan!
ETAren armagabetzeaz geroztik, Eliseoko bulego zenbaitetan beren ustez seguruan dauden Frantziako politikero handienak, hortzak izerdi ari ziren, nola egin gure gazteak, asperturik, borroka armatuari berriz lotu arazteko. Gaizoak! Beren mail goreneko diploma guziengatik, ez dira ohartu, behin armak utziz geroz ez dela borroka armaturik...
Eskerrik beroenak alderdi abertzaleei eta Bizi mugimenduari sea, sex and sun idealaz beste perspektibarik eman baitiote gure gaztek daukaten zerbait’egiteko goseari.
Oraiko urratsean azken hatsetan daukagu demokrazia.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.