Ikusmina zegoen Ipar Euskal Herrira etorrita Jean Castex Frantziako lehen ministroak zer iragarriko zuen. Azken egunetan, okerrera egin dute koronabirusaren datuek, eta COVID-19ari lotutako intzidentzia 200 kasutik gora iragan da Pirinio Atlantikoetako Departamenduan. Hori dela eta, aire zabalean maskara erabiltzea derrigorrezkoa da berriro Ipar Euskal Herrian.
Horrez gain, osasun pasearen hedatzea iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den astelehenean, txertatze kopurua emendatzeko helburuarekin. Uztailaren 21etik aitzina, beharrezkoa izanen da 50 lagunetik gorako kultur edo aisialdi ekintzetarako, eta, agorril hasieratik aitzina, baita ostatu, jatetxe eta distantzia luzeko garraioetarako ere.
Txertatze kanpaina sustatu nahi du Frantziako Gobernuak, eta mezu horrekin agertu zen Castex atzo Baionara. Ipar Euskal Herrian diren Frantziako Estatuko zerbitzuekin bilkura egin ondoan, txertoa hartzen ari ziren herritarrekin solasean aritu zen Baionako txertatze zentroan, eta azpiegitura hobetzeko asmoa erakutsi zuen: «Hona etorri naiz ikustera ea dispositiboa nola hobetu dezakegun, itxarote denborak murriztu ahal izateko», adierazi zuen.
Momentu berean, Frantziako Estatuko mugetako kontrolak «egokituko» dituztela iragarri zuen Frantziako Gobernuak, prentsari bidalitako agiri batean. Koronabirusaren Delta aldaeraren hedapena mugatzeko hartu dute erabakia, haien hitzetan. Hala, nazioarteko herrialdeen zerrenda gorrian sartu dituzte Tunisia, Mozambike, Kuba eta Indonesia, eta handik Frantziako Estatura sartu nahi duten herritarrentzat baldintzak zorroztuko dituztela iragarri zuten.
Europari dagokionez, Erresuma Batutik, Espainiako Estatutik, Portugaletik, Zipretik, Herbehereetatik eta Greziatik Frantziako Estatura sartu nahi dutenek 24 ordu lehenago egindako test negatiboa aurkeztu beharko dute. Horiek horrela, baldintza hori bete beharko da Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira pasatzeko ere. Bihartik aitzina aplikatuko dute.
Kontrara, txertoa jarria duten bidaiarientzat mugako hertsadurak kenduko dituztela iragarri zuen Frantziako Gobernuak. Alde horretatik, txertoaren eskema «osatua» izateko epea murriztu dute. Orain arte, Pfizer, Moderna edo AstraZeneca etxeen txertoaren bi dosiak hartu eta hamalau egunera aktibatzen zen; orain, zazpi egunekoa izanen da epea. Dosi bakarra behar duen Janssenen txertoa 28 egunera aktibatzen da. Azkenik, Covishiel txertoa ere osasun ziurtagirirako kontuan hartuko dutela baieztatu dute.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide