Gosaldu aurretik egin ohi duten eguneko lehen bilera amaitu berri du Made Urietak (Amurrio, Araba, 1981). Gero, pantaila aurrean pasako du eguna, aurkarien bideoak ikusten eta haien azterketa egiten.
Nola ari zara bizitzen Olinpiar Jokoetako lehen esperientzia?
Koronabirusaren murrizketen ondorioz, dena zailagoa eta arraroagoa da. Baina emozioz bizitzen ari naiz, eta egun bakoitza ahalik eta gehien disfrutatzen.
Nolako giroa duzue Olinpiar Hirian?
Murrizketak egon arren, oso giro polita eta berezia dago. Goi mailako hainbeste kirolari nola prestatzen diren ikustea izugarria da. Beste kirol batzuetako entrenatzaileekin ere hitz egiteko aukera izan dut, eta esperientziak partekatzeko. Hori oso aberasgarria da, baliagarriak izan baitaitezke zure kirolean aplikatzeko.
Muga handiak daude?
Bai, baina ez dugu kexarik. Oso kontrolatuta gaude, eta hori funtsezkoa da. Olinpiar hiria oso segurua da. Baina nik esango nuke batez ere hortik kanpo eragiten digutela murrizketek. Adibidez, entrenatzaile multzo osoa ezin da lehia eta entrenamendu denetara joan.
Zer iruditzen zaizu halako egoera batean Joko batzuk egitea?
Argi dago COVID-19arekin gertatzen ari dena oso gogorra dela. Baina uste dut garrantzitsua dela kiroletik mezu baikor bat bidaltzea, eta pixkanaka aurrera egitea. Normaltasunaren bidean beste urrats bat izan daiteke. Ona dela uste dut.
Olinpiar hirian topatzen dituzun kirolari ezagunei sinadura eskatu eta argazkia ateratzen dieten horietakoa zara?
Batzuei lotsa ematen die aitortzeak, baina niri ez. Oraindik ez dut halakorik egin, baina ez delako suertatu. Aurrekoan Djokovicekin egin nuen topo, eta eskatzear egon nintzen. Baina jende asko zegoen, eta azkenean joan egin nintzen.
Jokoetan aritzea amets bat da kirolarientzat. Entrenatzaile batentzat ere hala da?
Entrenatzaile bat kirolari ere bada, eta guretzat ere ametsa da. Baina onartu behar dut sekula ez nintzela ausartu horrekin amets egitera. Aurreko Jokoak telebistaz ikusi nituen, eta orain hemen egotea sekulakoa da. Zorionekoa naiz.
Entrenatzaile batek baditu bere ametsak?
Bai, noski. Nahiz eta desberdinak izan, multzoari begiratzen diolako beti: ondo egotea, emaitza onak lortzea... Hala egin ezean, eta bere buruari begiratzen badio soilik, ez da entrenatzaile ona izango. Baina, aldi berean, egunerokoan teknikari batek bere buruari erronkak eta helburuak jarri behar dizkio, hazten eta hobetzen segitzeko. Hazkunde horretatik ere iritsiko da zuzentzen duen taldearen hobekuntza. Prestatzen ere jarraitu behar du, beste edozein ogibidetan bezala. Bide horretan, azken urteetan asko aldatu da nire egoera. Lehen, entrenatzaile izatea nire lanarekin uztartu behar nuen. Beraz, denbora gutxiago nuen trebatzeko. Orain, aldiz, honetaz bizi naiz, eta horrek aukera eman dit gehiago hazteko.
Prozesu horretan, zer dakar Espainiako selekzioko laguntzaileetako bat izateak?
Ia bi hilabete daramatzagu egonaldian. Aurrena Europako Txapelketa jokatu nuen, eta orain Olinpiar Jokoak. Izugarri ikasten ari naiz. Master moduko bat izaten ari da hau: ez dago ikasteko modu hoberik. Espero dut hau guztia aberasgarria izatea bai niretzat, baita Araskirentzat ere. Goi mailako jokalariekin lan egiteko aukera dut, eta puntan dauden entrenatzaileen lana ikusteko. Niretzat ez ezik, Araskirentzat ere ona eta garrantzitsua da ni hemen egotea.
Araskin entrenatzailea zara. Oso desberdina da laguntzaile lana? Kosta egiten da atzean egotea?
Oso desberdina da, erabakiak Lucasek [Mondelo hautatzailea] hartzen baititu. Baina saskibaloia beste leku batetik ikustea aberasgarria da, eta entrenatzaile osoagoa egiten zaitu. Polita da, eta ez zait zaila egin bigarren lerroan egotea Nik ere nire laguntzaileak ditut Araskin, eta badakit zer nahi dudan haiengandik. Oso garbi dut nire egitekoa hemen, eta saiatzen naiz nire ekarpena egiten. Lucasek, gainera, hori nahi du. Maiz eskatzen dit iritzia, nahiz eta azken hitza berak eduki planteamenduak, entrenamenduen prestakuntza eta abar zehazteko orduan.
Zein da zehazki zuk laguntzaile gisa egiten duzun lana?
Entrenamenduak prestatzen lagundu, eta batez ere aurkariak aztertu. Lan saioetan ez nagoen ia denbora guztia pantaila aurrean pasatzen dut, haien partidak ikusten. Egunean hamalau bat ordu pasatzen ditut bideoak ikusten, lehiarik ez dagoen egunetan. Gogorra dela pentsatuko dute askok. Baina nik asko disfrutatzen dut.
Oporrak noiz?
Ez ditut izango. Tokiotik bueltan denboraldi-aurrea hasiko dugu Araskirekin. Gogorra izango da, ez baitut deskonektatzeko tarterik izan. Baina esperientzia hau ematen ari zaidan energiarekin bueltatuko naiz, eta buruan dudan bakarra ikasitako guztia aplikatzen hastea da. Ez dut opor beharrik.
Elkarrizketa hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.