Heriotza Lekeition

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko urr. 9a, 00:00

Udaren hasieran esan zidan. Lehengusinak aste batzuk baino ez zituen bizitzeko. Medikuek jakinarazi zutenez, tumoreak ez zuen sendabiderik. Lagunarentzat ez zen sasoi goxoa izan: aita hilabete batzuk lehenago hil zitzaion; ekainean senide kutunari buruzko albistea heldu zen: lehengusina, lehengusina gazteena, hilzorian zegoen. 30 urte bete gabe eta hilzorian.

«Bizitza, zergatik amaituko da bizitza?», kantatzen du Ricardo Arjona-k, Vida abestian. Bizitzak iraungitze data duela gogorarazten digu kantari guatemalarrak abesti horretan: «Zer moduz? esaten ikasten duzu eta agur». Agur. Eta bazoaz. Izan ere, denok dugu iraungitzearen sindromea. Jaiotzen garen unetik. Denbora bizitza bera baino luzeagoa dugu. Sarri askotan ez gara konturatu ere egiten, baina. Heriotzaz ez dugu ezer jakin nahi.

Heriotza zertan mespretxatu ez genuela esan zuen Marko Aureliok, naturaren beraren nahiari segitzea besterik ez delako. Sufrimendua eta plazera zer diren, heriotza zer den, ospea zer den hausnartzeko eskatu zigun enperadore filosofoak. Kontagailua zeroan jarri ziguten erditzetik bertatik eta etengabe doa aurrera. Bien bitartean, aurrerantz segitzen dugu, korrika batean itsu, arnasa hartzeko betarik gabe. Hala ere, erlojuaren aurkako borroka galduta dugu. Hori ere azaldu zuen Marko Aureliok, eta aholkua eman: gauza guztien arrazoia bilatu eta aurkitu, gure denbora faltaren benetako erruduna nor den jakiteko.

Geroa nola irudikatzen zuen galdetu nion otsailean 60 urte bete berriak zituen lagun bati. Pandemiaren zorabioan murgilduta geunden artean, bete-betean. Egoera berezi horrek haren erantzunari eragin ziola esango nuke: «Gero eta denbora laburragoa dudala konturatu naiz eta aprobetxatu egin nahi nuke: lagunekin egon, bazkaldu, liburu onak irakurri, oporretan joan, bidaiatu, ahal bada. Ez dago besterik. Egia esan, amaierak ez nau bereziki kezkatzen». Amaiera izan zen hitza. Haren ustez, ez duzu sobera kezkatu behar heriotza bezalako gertakaria aurrean duzunean. Saihetsezina da; tokatzen denean iritsiko da. Inor ez omen da bezperan hiltzen. Biharamunean ere ez.

Zer egin orduan? Filosofiaz hartzen zuen Marko Aureliok. Existentzialismoaren ustez, denbora muga absolutua da heriotza. Gaiari umorez heldu zion Quim Monzó-k, Konfidentzia izeneko ipuinean. Pertsonaia nagusiak azaltzen duenez, bere denboran gauza asko gertatu zitzaizkion, baina dena aldatu zen hil zen egunean, Cadaques-en oporretan zegoenean. Heriotza «amets mingarria» zela uste zuen, baina hil eta gero ezer ez dela aldatzen frogatu zion esperientziak. Haren iritziz, ez dago bizitzaren eta heriotzaren arteko diferentziarik. Bergman guztia irentsi eta gero —Zazpigarren zigilua filma zazpi aldiz ikusi zuen!—, ez zuen deus ulertu heriotzari buruz. Kezka handia sortu zion horrek, baina egonezina handik gutxira joan zen: egun batean jadanik bi aldiz hil zen pertsona bat ezagutu zuen. Oso lagun minak egin ziren. Asteburuak elkarrekin pasatzen dituzte geroztik. Sitges-era joaten dira ligatzera. Urdaitegi bat jartzea pentsatu dute.

Eta konponbidea hori balitz, heriotzaren drama ez-dramatizatzea? Lekeitiora oporretan joan eta bertan hil zara, Karraspiorako bidean —edo alde zaharreko jatetxe batean, postrea amaituta, jakina—. Orduantxe konturatu zara bizitza eta heriotza naturaren bidea baino ez direla. Bukatu dira zure kezkak. Jadanik bi aldiz hil den norbait ezagutzen baduzu, askoz hobeto: dena erlatibizatzen ikasiko duzu. Zeure heriotza ere bai, hura ere oporretan hil baita. Bitan, gainera: lehenengoz Miarritzen eta bigarrenez, Zumaian. Zer da, bada, behin hiltzea bi aldiz hil denaren esperientziarekin alderatuz gero? Orduan, lagun minak egingo zarete eta asteburuan Zarautzera joango zarete ligatzera.

Bizitza: «Zer moduz?» esaten ikasi orduko bagoaz. Agur. Aita zaharra edo lehengusina gaztea. Udaren hasieran esan zidan. Gero oporrak etorri ziren, baina heriotzak ez du oporrik hartzen.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide