Etorkizunera begirakoa ere bai

Erabiltzailearen aurpegia berria 2021ko urr. 19a, 00:00

Adierazpen esanguratsua egin du ezker independentistak Aieten, Arnaldo Otegiren eta Arkaitz Rodriguezen bitartez. Aieteko Konferentziaren eta ETAren jarduera armatuaren bukaeraren 10. urteurrena baliatu du atzera begirako bat egiteko, eta, ETAren biktimei «aipamen berezia» eginez eta «jasan duten sufrimenduagatik atsekabea eta mina adieraziz», hori «inoiz ez zen gertatu behar», adierazi du. «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula». EH Bilduko eta Sortuko arduradun nagusien adierazpenak badu etorkizunerako proiekzioa ere, ezker independentistaren egitasmo politikoaren garapenerako baldintzak ereiten segitzeko asmoz.

ETAren biktimen arloan, haien eremu soziopolitikoaren aurrerapauso bat da atzokoa. Azken hamarkadan atzera joz gero, beste bi adierazpen nabarmendu daitezke. Batetik, ETAk jardun armatuaren akabera jakinarazi eta lau hilabetera, ezker abertzaleak, Kursaaleko ekitaldi jendetsu batean, jarrera berri bat azaldu zuen: «ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikorta sunik eza irudika zezakeela onartzen du Ezker Aber tzaleak. Bere jarrera politikoarekin nahi gabe gehitu duen mina sentitzen du. Onartzen dugu Ezker Abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibiliza zio maila falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko». Bestetik, ETAk, 2018ko apirilaren 8ko agirian, desegin baino lau aste lehenago, aitortu zuen «zinez sentitzen» zuela berak eragindako «samin handia», eta «barkamena» eskatu zien «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei. Azkeneko hiru urteetan Etxeraten adierazpen bat egon da, baina, bestela, ezker independentistak ez du ETAren biktimekiko urrats kualitatiborik egin. Atzokoari garrantzi handia ematen diote haiek, eta espero dute beste eragileek aitortzea.

Bere pauso berriarekin, euskal presoen auziari konponbidea ematen laguntzea bilatzen du. Atzoko adierazpeneko laugarren puntuan gogoratu du afera hori, ETAren biktimei buruzko gogoetaren eta aitortzaren ondoren.

«Gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari irtenbidea» emateko beharra ere azaldu dute Rodriguezek eta Otegik. Halako prozesu baterako euskal subiranistei gutxienik bateratasuna izatea falta zaie, eta ezker independentistari berari, lidergo politikorako botere instituzional handiagoa. Taktikak taktika, EH Bildu aliatuen beharrean da; adibidez, eremu konstituzional progresistan, jakitun egonik horrek bide subiranistarako sortuko lizkiokeela kontraesanak eta arriskuak.

PSOEren eta EH Bilduren arteko harremana erabat normalizatze aldera, beste pauso bat da Otegiren-eta adierazpena. PSEk ETArekiko azterketa kritiko handiagoa eskatu ohi dio EH Bilduri; Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak udan BERRIAko elkarrizketa batean zioen espero zuela ezker abertzaleak «autokritika bizkortzea». Bi sektore politikoek badute elkarren gogoeten berri. Inguruabar horretan, ezker independentistak espero du bere adierazpen berriaz gaur Zapaterok zerbait esatea Gernikan daukan ekitaldian.

Aldeak alde eta esajeratu gabe, sekuentziak badauka antzik 2005-2007ko elkarrizketa prozesuaren egoste fasearekin. Batasunak 2004ko azaroaren 14an aurkeztu zuen Anoetako proposamena. Bake nahia agertzeaz gain, ezker abertzalearen barruan prozesu politikoaren gidaritza behingoz bere esku geratzeko saio argi bat zen. Zapatero zegoen orduan Moncloan, urte erdi bat lehenagotik, eta Batasunak proposamena aurkeztu bezperan jaso zuen edukia hark: Txillarre baserriko nagusiak bidali zuen Moncloara, Elgoibarko denda bateko faxetik. Handik bi hilabetera, Otegik, Batasunaren izenean, konponbide elkarrizketatua abian jartzeko aukeraz Zapaterori zuzendutako gutun baten berri eman zuen; urtarrilaren 14a zen, eta hedabideen aurrean irakurri zuen eskutitza, Bilbon, atzo bezala kazetarien galderarik onartu gabeko agerraldi batean. Biharamunean Kursaalean mitina zeukan Zapaterok, eta, han, elkarrizketarako prest agertu zen. Giro bat sortzea zen bi aldeen xedea; berehala etorri zen elkarrizketa prozesua.

Ez daude oso gertu presoen auziaren aterabidea eta sozialisten eta EH Bilduren arteko gobernu akordioak, baina atzokoa norabide horretan egindako mugimendua izan da, ahaztu gabe euskal gizarteak ezker independentistari aspalditik exjitzen ziola ETAren biktimei buruzko azterketa sendoago edo zehatzago bat.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide