Urriaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzarena da Basauri, Martutene eta Zaballako espetxeen eskumena. Nafarroako Gobernuak ez du ematen eskuduntza horretaz jabetzeko asmo handirik daukanik, berriki Iruñeko kartzelaren erizaindegiaren ardura hartu baitu, 40 urte pasatu eta gero. Jarriko ahal du grina handiagoa falta zaizkion bestelako eskumenak lortzeko!
Eusko Jaurlaritzak eskuratu berri duen agintearen aplikazioaz berak diseinatuko ditu presoen bizi baldintzak, kartzela barruko bizitzaren programazioa eta protokoloa. Iruñean, aitzitik, ardura hori Espainiako Espetxe Zuzendaritzaren esku egongo da, orain arte bezala.
Zigorra betetzen ari diren euskal preso politikoen kudeaketa ere Jaurlaritzarena da hemendik aurrera, horrek esan nahi duen guztiarekin: gizarteratzea, gradu aldaketak, baimenak, irteerak... Preso horien eta militatu duten ETAren iraganaren irakurketarekin oso exijenteak izan dira orain arte EAJ eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Ikusi besterik ez dago zein modu ezkorrean baloratu duten biktima askok, PSE-EEk eta PSOEk, Ahal Dugu-k, Zapaterok... ez bezala— astelehenean ezker independentistak egin zuen adierazpena. «Ez zen beharrezkoa», Urkullu lehendakariaren asteleheneko hitzetan.
Zer eskatuko die, zer langa etiko gainditu beharko dute orain Jaurlaritzaren ardurapeko espetxeetan dauden presoek espetxe onurak profitatu ahal izateko? Totem bihurtu diren hitz eta kontzeptuetara iltzatuta daude Jaurlaritza eta EAJ aspaldion, eta ez dute hortik mugitu nahi: ETAk ez zuen inoiz existitu behar, injustua... Eta iraganaren inongo irakurketak ez du balio ez baditu EAJk itsasargitzat dauzkan adierazpide horiek erabiltzen. Bere hitzen gatibu izateko arriskua dauka EAJk, bakarrik geratzekoa, azken urteotan beste agente politikoen jokabide ez-oztopatzailea ikusita. EAJk baino hildako dezente gehiago dauzkaten PSOE eta PSEren pareko balorazioa egitera ez dira iritsiko jeltzaleak ETAk bortxakeria armatuari amaiera eman zionetik hamar urtera?
Diskurtso politiko higatzailerako balio duen estrategia hori bera aplikatuko zaie preso horiei? Ez da, jakin nahi duenarentzat, horrelako zereginetan ibili diren adituek aholkatzen dutena.
ETA utzi eta EAJn afiliatu edota jeltzaleek gobernatutako administrazioetan goi mailako eta konfiantza politikoko kargua eman zaienetatik, zenbati exijitu zioten haien jardunaren autokritika publikoa egitea? Soldata bikaina irabazteko ez, eta espetxe onurak edukitzeko bai?
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide