Hemen da 'Herrilana', 2017ko #EUSKARARIpuzka kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2017ko urr. 27a, 00:31

Oreretan egindako ekitalditxo batean abiatu dugu aurtengo udazkeneko kanpaina. Azaroaren 14ra arte izango da Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak (zuria eta beltza) eskatzeko tartea, %25arekin zonaldeko euskalgintzari lagunduz. Eskaintzaren inguruko informazioa eta eskaerak. Oreretako Xabier Olaskoaga plazan egindako ekitaldian ondorengo lagunek hartu dute hitza: Eneko Guridik (Errigoraren Orerretako lan-taldeko kidea), Nekane Artolak (Pasaiako ikastolaren izenean), Amaia Arrutik (Oreretako euskaltegiko irakaslea), Andoitz Apaolaza (Oiartzungo Elizalde eskolako zuzendaria), Jon Legorburuk (Labore Oarsoko kidea) eta Iker Ajuriagerrak (Errigorako kidea). Ekitaldiari hasiera, Eneko Guridi, Oreretako Errigorako lantaldeko kideak eman dio honako hau nabarmenduz: ”Eta heldu da eguna. Gaur hasi eta azaroaren 14-ra arte saskiak eskatzeko aukera izango dugu; Nafar hegoaldeko euskalgintzak hain beharrezkoa duen elkartasunezko puzkada anaikor bat bidaltzekoa; Zonalde horretako nekazariei beraien ogibidean laguntzekoa edota ekimen alai, anitz eta behetik gorako hau hauspotzekoa. Alegia herria egitekoa.” Ondoren Pasaiko ikastolaren izenean Nekane Artolak hartu du hitza. Bere esanetan “Ikastolak ere Herrilanetik datoz. Ehundaka izan gara Euskal Herri osoan euskaraz ikasi eta irakatsi ahal izateko hezkuntza sistema propio baten alde herrilanean aritutako, guraso, irakasle eta herritarrak. Ikastolak ere Herrilana dute oinarri. Herrilana, auzolana. Eskualde honetan ondo aski dakigu zer den hori, herrilanean oinarritutako ehunka ekimen gauzatu dugulako.” Nekaneren ostean Oreretako euskaltegiko Irakaslea den Amaiak jarraitu du. Bere esanetan Bertsolaritza, literatura, kantagintza, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, gau-eskolak, euskaltegiak etabar luze hori ere herrilanaren adierazle ezberdinak dira. Eta Korrika bera da oraindik orain ere lan eta izateko modu horren adierazgarri. Amaiaren esanetan Ilusioa eta plazera, horixe sentitzen dute oraindik ere, bai AEKn euskaltegietan egunero aritzen garenean, bai Errigora kanpaina berri bati ekin behar diotenean. “Azken batean, hau guztia zer duzue, ez bada ilusioz eta erronkaz beteriko herrilan kolektiboa?”. Azkenik ondorengoa nabarmendu zuen: “jakin badakigu azken urteotan %60 baino gehiago igo dela Nafarroako hegoaldeko euskaltegietako matrikulazioa; eta bistan da eragin handia izan duela horretan Errigoratik bideratutako beka-sistemak”. Andoitz Apaolaza Oiartzungo eskola publikoko zuzendariak, ekimenak denbora gutxian lortutakoari eman dio garrantzia. Azpimarratu du ze ederra den Cascanten olioa euskaraz etiketatzen hasi direla entzutea, edo zonaldeko olio-errota, kontserba-etxe eta upategiak haien web guneak euskaratu dituztela jakitea. Ze ederra den, oztopo guztien gainetik, Erriberri, Tafalla eta beste hainbat herritan sare publikoan euskaraz ikasteko eskubidea gauzatzen hasi dela ikustea. Zubiak eraikitzeak duen garrantzia azpimarratu du, haien kasuan, Oiartzundik Erriberara. Oarsoaldeko Laboreren izenean Jon Legorburu izan da ondorengoa hitza hartzen. “Elikadura burujabetzak ere herrilanetik asko dauka. Baserri eta nekazal guneek, garrantzi berezia izan dute mendeetan zehar euskararen herrian; Abeltzaintza eta arrantzak izan duten bezala. Zenbat eta zenbat herriko plaza eta merkatutan eman zaion bidea bertan ekoiztu edo bildutako elikagaiei… Zenbat eta zenbat plaza izan diren bertako hizkuntza eta elikadura mendez mende sostengatzen lagundu dutenak.” Esanez hasi da. Oarsoaldean abiatutako Labore kontsumo elkartea ere hizpide izan du. Bukatzeko, bai Labore eta bai ERRIGORAtik bertako ekoizle eta ekoizpena sustatzen jarraitzeko deia luzatu zuen eta modu berean bai euskara eta baita herrilana ere. Bukatzeko, Errigorako kide Iker Ajuriagerra izan da parte hartzen. Kanpainako lelo nagusia HERRILANA izango dela azpimarratzeaz aparte, Kanpainan zehar herriz herri Errigora zer de erakusten ibiliko den karpa baten berri eman digu. Horretaz gain, Kanpaina honetako beste berritasun bezala ondorengoa adierazi du: “Urtero saskiak prestatzeko Ablitasen egiten den Herrilana aurten kanpainaren erdian kokatu eta inoiz baino apustu sendoagoa proposatu dugu; Azaroaren 2-an hasi eta azaroak 5- ean bukatuko dena. Lehen egunean Lodosa, Viana eta Tuterako ikastolako haurrak bildu eta Porrotxekin batera Herrilanean arituko dira kartoizko kutxa batzuk prestatu eta olio errota bat bizitatuko dutelarik. Bigarren egunean, hurrengo egunean Ablitaseko kooperatiban saskiak muntatzeko erabiliko diren porduktu eta ekoizle guztiak bilduko gara. Ekoizpenaren gaiari leku gehiago eginez. Hiru ta laugarren egunean berriz, Euskal Herri zabaletik Ablitasen bildutako bolondres guztiekin saskiak prestatu eta jai giroan asteburu ederra pasatuko dugu Tutera aldean. Herrien arteko zubiak eraikitzeaz gain, herritarren artekoak ere berebiziko garrantzia baitute.” Hitzartzeen ondoren kanpainako spot berria eman da karparen barruan eta ostean nafar produktuen dastaketatxoa burutu da.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide