6.500 sukalde gara!

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2018ko mar. 23a, 13:58

Errigoraren komunitatea sendotuta irten da udaberriko kanpainatik: Euskal Herriko 6.500 bat sukaldetara helduko da zubi bat Nafarroa hegoaldetik, eskutik eskura ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatzeko. Sukalde txikiak, ertainak eta handiak. Zaharrak eta berriak. Norbanakoenak, familienak, elkarteenak, jantokienak. Kontsumitzaile arduratsuen sukaldeak, euskaltzaleenak, ekoizleenak… Askotariko sukaldeek osatzen dugu Errigoraren komunitatea eta, kanpaina honen ostean, oraindik gehiago gara. Iaz jauzi handia eman genuen: inoiz baino eskaintza zabalagoa plazaratu genuen udaberriko kanpainan (produktu guztiak era konbentzionalean ekoitzita ez ezik, ekologikoan ere eskatzeko aukera zabalduz) eta emaitzak ere tamainakoak izan ziren. Beraz, aurtengoan apustua mantendu eta Errigoraren komunitatea egonkortzeko erronka jarri genion gure buruari. Komunitatea egonkortu ez ezik, lagun berriak batzea ere lortu dugu, ordea. Eta, honekin, eskaerak ere gora egin du: ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatuko ditugu #ESKUTIKeskura kanpainaren 5. edizioan. Nork pentsa zezakeen orain bost urte, kanpaina hau egitasmo ere ez zenean, honaino iritsiko ginenik? Nork pentsa zezakeen ehunka milaka ontzitan euskarak bere tokia hartuko zuenik? Nork pentsa zezakeen hain tarte laburrean hainbeste ekoizle Euskal Herriko plazari begira jarriko zenik? Nork pentsa zezakeen auzolanean oinarritutako ekimen bat halako eskaerak kudeatzeko gai izango zenik eta urtetik urtera hazteko indarra izango zuenik? Datu gordinenei neurria hartzen laguntzeko, esan dezagun gutxi gorabehera —barietateak eta oliben errendimendua tarteko— 38.630 olibondo behar direla aurtengo olio eskaerari erantzuteko. Kontserbei dagokienez, ostera, 25 hektarea baino gehiagok ematen duena beharko da 207.000 ontziak betetzeko. Bestela esanda, 36 futbol zelairen azaleraren uzta behar du aurtengo kontserba eskaerak. Bada zerbait! Edonola ere, gure eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko xedez jaio zen Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Bistan da planteamenduak eraginik izan duela. Urtez urte jendeak sukaldeko armairuak Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserbaz betetzeko baliatzen du kanpaina hau. Ohitura sortu da kanpainaren inguruan; milaka sukaldetan erreferentziazko gertakari bilakatu da. Baina hau ez da zoriaren emaitza, herrilanarena baino. Kanpaina honetan buru-belarri ibiltzen garen ehunka auzolangileei esker da posible hau guztia. Hamaika aldiz esan arren, hamabigarrenez ere esan behar baitugu, herriz herri ehundu den sarea dela Errigoraren altxorrik handiena. Dagoeneko 70 herritara heldu den sarea. Uneka tenkatuz, uneka nasaituz, 5 urtez iraun eta biziberritzeko gai izan den sarea. Mila esker eta mila zorion, beraz, nola edo hala kanpainan parte hartu dugun guztioi: olioa eta kontserbak ekoitzi eta prestatzen ditugun nekazari eta elaboratzaileei; kanpainaren oihartzuna Euskal Herriko txoko guztietara hel dadin lan egin dugun errigoragile, errigorazale eta komunikabide txiki eta ez hain txikiei eta, nola ez, sukaldera zubi berri bat sartzea erabaki dugun kontsumitzaile arduratsu guztiei.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide