Auzolanetik auzolanerako erronka: eskatu zurea eta komentzitu bestea

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2018ko urr. 24a, 13:47

Nafarroa hegoaldeko zein Euskal Herriko hamaika txokotako dozenaka lagun bildu gara gaur Ablitasen, auzolanean, milaka saski osatzeko. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez azken bost urteetan 800.000€ bideratu dugu zonaldean ahobizi eta belarriprestak sortzeko ahaleginera eta, aurrerantzean ere, lan horretan jarraitu nahi dugu. Horretarako, baina, gaur egindako saskiei jabea topatu behar zaie eta, kanpainaren azken txanpan sartzera goazlea, auzolanetik auzolanerako deia egin dugu: «eskatu ezazu saskia, bai, baina komentzitu ezazu Errigoraren saskirik inoiz eskatu ez duen ezagun, lagun edo senide bat berak ere eska dezan». Urriaren 25ean abiatu genuen Errigoraren 5. Urteurreneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta azaroaren 14an bukatuko da. 200 herri baino gehiagotan, ehunka boluntario ari da asteotan informazioa zabaldu eta eskaerak jasotzen, auzolanean. Izan ere, auzolana da kanpaina honen oinarri nagusietakoa: horri esker da posible 50 euroren truke saskia jaso eta %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratzea. Auzolana izan da, hain zuzen, asteburu honetan Ablitasen protagonista. Atzo, azaroak 9, eman genion hasiera, haurren egunarekin. Viana, Lodosa eta Tuterako ikastoletako haurrak bildu eta, Ablitasgo eskolako A eredukoekin batera, kartoiari kutxa-forma ematen aritu ziren. Ondoren, Errigorako partaide den Monasterio de Cascante gozotegira egin genuen bisita eta umeek txokolatezko gailetak egiteko aukera izan zuten. Gaurko egunean, ostera, inguruko herritarrak eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorriak bildu gara, auzolanean, milaka saski osatzeko. Lan pixka bat eginez hasi dugu eguna, baina hau bukatuta, aisialdirako eta parrandako tarterik ere izango da. Egun berezia da hemen biltzen garenontzat: jatorri eta eremu anitzetako lagunek elkar ezagutu eta adiskidetzeko aukera ematen digu eta pilak topera kargatzen zaizkigu batzuei zein besteei. Euskaraldiak ere izan du bere tokia gaurkoan. Azaroaren 23tik aurrera ahobizi edo belarriprest izango garela dioten pegatinak soinean aritu gara, 11 egunez egingo dugun ariketarako berotzeko. Hain zuzen ere, langintza horretan aritu dira Nafarroa hegoaldean euskalgintzako eragileak urteotan kanpaina honen bidez jasotako 800.000€ horien bidez: gaurko eta etorkizuneko belarriprest eta ahobiziak sortzen. AEKren euskaltegietan helduak euskaldunduz eta ikastoletan zein sare publikoan D ereduko taldeetan haurrei euskara emanez, Nafarroa hegoaldeko belarriprest eta ahobiziak sortzen ari gara. Gaurkoan auzolanean osatu ditugun milaka saskiek emango duten diru-ekarpenarekin ere horrexetan jarraitzeko asmoa dugu, baina, saskiok eskatu ezean ez du zentzurik ariketa honek guztiak. Beraz, auzolanetik auzolanerako deia egin diogu saskia eskatu ohi duenari: «kanpainaren azken egunetan sartu gara eta asteazkena izango da eskaerak egiteko azken eguna. Beraz, eskatu ezazu saskia, bai, baina beste erronka bat ere jarri nahi dizugu: komentzitu ezazu Errigoraren saskirik inoiz eskatu ez duen ezagun, lagun edo senide bat berak ere eska dezan. Eskatu zurea eta komentzitu bestea».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide