5 urte eta gero, sasoi betean da "Euskarari puzka" kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2018ko aza. 20a, 13:24

2018ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan 13.000 saski eskaera jaso dira eta, honenbestez, beste 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera. 5. urteurreneko kanpaina genuen aurtengoa. 2013 eta 2017 artean bost kanpaina joanak ziren, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 800.000€ inguru bideratuta genituen jadanik. Hain zuzen, bost urte horiek eman dutenari buruz aritu gara kanpainan; diru horrekin guztiarekin lortu dugunaz. Eta seigarren kanpainarekin bide beretik segitzeko asmoa azaldu dugu, izan ere, urteotan lortutakoa garrantzitsua da, bai, baina askoz gehiago da oraindik lortzeko duguna. Eta pasa dugu bost urteko langa. Erraza ematen du, baina ez da hain sinplea urtez urte 200 herri baino gehiagotan ehunka lagun bere borondatez kanpainari emanda ibiltzea. Dozenaka euskaltegi, ikastola, eskola, elkarte, denda txiki, taberna eta abarretan kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzeko ahalegina egitea. Ez da erraza auzolan ariketa erraldoi hau udazkenero errepikatzea. Milaka etxetan urtero Errigoraren saskia(k) hartzeko hautua egitea. Ez da erraza, baina oso polita da. Oso polita da urteotan nolako ekoizleen familia osatu dugun ikustea. Kanpaina honetan 23 etxe izan dira haien produktua eskaini digutenak: dozenaka langile eta ehunka nekazari. Oso polita da helburuak konpartitzen ditugunen arteko elkarlana. Eta politagoa desberdinen artekoa; batzuei besteen irrikak eta ametsak itsastea. Oso polita izan da, bost urteren ondoren, ziklo berria indarrez zabaltzen duguna ikustea. 13.000 saski banatuko ditugu datozen egunetan eta beste 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean euskarari hauspoa ematen segitzeko. Ikastolek, oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, inbertsio berriei aurre egiteko aukera ere izango dute; AEKn izena ematen dutenek beka-sistema baterako sarbidea izango dute eta Sortzenek euskararenganako aurreiritzi eta diskurtso gezurtiei aurre egiten jarraituko du, sare publikoan D ereduaren aldeko hautua sustatuz. Labur esanda, Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe. Mila esker eta zorionak nola edo hala kanpaina honen parte izan zareten guztioi. Biba gu!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide