Maite duguna elikatzen, auzolanean

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren seigarren edizioan 93.000 litro olio, 207.000 ontzi kontserba eta 11.000 kilo arroz eskatu dira. Ehunka lagunen borondatezko lana oinarri, dagoeneko kanpaina sustraituta eta bere inguruan osatu den komunitatea egonkortuta dagoela esan dezakegu. Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren 5. urteurreneko edizioa orain egun batzuk bukatu zen. Emaitzek erakutsi digutenez, kanpaina ondo sustraituta dago honezkero eta 6.500 bat etxetan hartu dugu ohitura Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa, kontserbak eta, aurten lehenengoz, arroza eskatzeko. Iazko antzera, 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba eramango ditugu Euskal Herriko ehunka herritara, baina, aurtengoan, 11.000 kilo arrozekin batera. Erraz esaten da, baina ez da hain errez egiten. Beste ezeri baino gehiago, kanpainaren oihartzuna Euskal Herriko txoko guztietara eramateko lanari erreparatu nahi genioke, kartelak jartzekoari, eskuorriak banatzekoari, dastaketak antolatzekoari, eskaerak banan-banan jasotzekoari, banaketa antolatzekoari edo banatzeari berari. Ehunka lagunen buruhauste eta izerdiak egiten du kanpaina hau, urtero-urtero. Oraingo honetan, bizkar gainean lan gehiago edo gutxiago hartuta, azkenerako 140 herritako ia 300 gunetan ibili gara ehunka lagun, borondatez, gure aletxoa jarri nahian. Auzolana elikatuz, gauzak bestela egin daitezkeela frogatuz. Ez da auzolana, ordea, kanpaina honen bidez elikatzen dugun altxor bakarra. Kanpainako bideoan esan genuen bezala, eskutik eskura maite duguna elikatzen ari gara. Bertakotasuna elikatzen dugu: urruneko produktuak gure sukaldeetara ekarri eta bertako produktuak urruneko sukaldeetara eraman ordez, tokiko produktuak gurean merkaturatzen ditugu. Honela, kaborno aztarna murriztu eta paisaia mantentzeko gure aletxoa jartzen dugu. Ekonomia bertokiratu eta lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria txikia bultzatzeko pausuak ematen ditugu eta, nola ez, euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen ditugu. Gure burujabetza elikatzeko modua ere badugu kanpaina hau. Beste era batera ekoizteko, beste era batean kontsumitzeko ariketa. Berandu baino lehen gure elikadura-sistemaren gaineko erabakiak hartzeko gai izan gaitezen pausu txikiak ematen ari gara urteotan eta, bide horretan, nekazarien eta elaboratzaileen arteko harremana sustatzen ari gara. Ekoizle arduratsuak, kontsumitzaile arduratsuak, euskaltzale borrokatuak, herrigintzako lagun nekaezinak… Desberdinen arteko topaleku ere bada eskutik eskura, komunitatea elikatzeko palanka. Zubigintzarako ariketa, batzuen grinak besteen egitekoa. Azken batean, auzolana, bertakotasuna eta burujabetzaz gain, komunitatea elikatzen dugu kanpaina honen bidez. Mila esker, beraz, kanpaina hau posible egin duzuen guztioi. Mila esker produktu bikain hauek ondu dituzun horri. Kanpaina posible egiteko egunari 25 atera dizkiozun horri mila esker. Eta mila esker, nola ez, eskaera egin duzun horri. Baina, eskerrak baino, zorionak banatzea tokatzen da agian: mila zorion, hau ez delako batak besteari egindako mesedea, guk geure buruari egindakoa baizik. Mila zorion, beraz, geure buruari, maite duguna elikatzen ari garelako. Mila zorion, norbere ekintza txikiarekin, guztion artean helburu handiak betetzeko bidean garelako.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide