Goizean goizetik gaueko ordu txikietara jai giroa nagusitu zen hirigunean: graffitiak, umeentzako puzgarriak, batukada, herri bazkaria, Orkresta ibiltaria, kontzertuak eta Gazte Asanbladak 13. gazte eguna ospatzeko antolatutako beste hainbat ekintzek parte-hartze handia lortu zuten.
13. gazte egun honetan Urduñako Gazte Asanbladak azken lau urteetan kale gorrian egotera behartu dituztela salatu nahi izan du, "Gaztetxe baten beharra gero eta nabariagoa da eta egun honetan horren aldeko indarrak bildu behar ditugu. Gure ametsak antolatuz, ateak zabaltzeko garaia iritsi da!".
Gazte eguna ospatzera gerturatutako ehunka lagunek Gazte Asanbladaren lana eta gaztetxearen beharra aldarrikatu zuten arratsaldeko 8etan hirigunetik zehar eginiko kalejiran eta ondoren Foru plazan eginiko ekitaldian.