Japonia eraso nuklearrak jaso izan dituen herri bakarra izan arren (1945eko abuztuaren 6an eta 9an AEBak Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak bota zituen), eta ezbehar naturalen aurrean prestaturiko herria den arren, ezin izan du Fukushimako zentralean istripu nuklear larria saihestu.
Garoñako zentral nuklearra, teknologia aldetik, Fukushimako zentralaren bikia dela esan daiteke, beraz gurean istripu nuklearra jasatearen kezka berpiztu du Japonen gertatzen ari denak.
Espainiar estatuko zentral nuklearrik zaharrena den honek (Francisco Franco diktadoreak inauguratu zuen 1971ean) PENBU izeneko larrialdietarako plana dauka. Plan honek 2 eremu sailkatzen ditu: lehenengo eremuak zentraletik 10km-ra dauden herriak barne hartzen ditu eta bigarrenak zentraletik 30km-ra daudenak. Urduña bigarren eremu honen barne dago eta Garoñako larrialdietarako planak, elikagaien, uraren eta animalien kontrolerako neurriak soilik hartzen ditu kontuan. 30km-tik harago daudenentzat, Gasteiz edo Bilbao adibidez, ez da inolako neurririk aurreikusten.
Espainiako gobernuak Garoñako itxiera 2013. urterako aurreikusi du, baina herritar, elkarte eta alderdi askok zentral nuklearrak bere jarduera lehen bait lehen utzi behar duela aldarrikatzen dute. Garoñaren itxiera eskatzeko manifestazioa egingo da gaur arratsaldeko 7etan Gasteizen.