Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu dugula uste duenak, oker dago.
Gure gizartean, desberdintasunak agerikoak dira oraindik. Salbuespenak salbuespen, emakumeok gaitasun ekonomiko gutxiago izaten jarraitzen dugu, potere politiko eta ekonomikoa gizonen esku dirau, etxeko lanak eta haur, agure eta gaixoen zainketa emakumeon ardura izaten jarraitzen dute,… Desberdintasun hauek nahikoak ez balira bezala, emakumeok indarkeria eta esplotazio sexuala jasaten jarraitzen dugu gaur egun gure balizko gizarte aurreratu eta parekatuan. 2010. urtean 5 emakume hil ziren gizonezkoen esku eta 4.285 salaketa egon ziren indarkeria matxistagatik Euskal Autonomi Erkidegoan. Ez dago zenbat emakume sexualki esplotatuak eta bortxatuak izan diren jakiteko modurik.
Munduko beste herrietara begiratuz gero, emakumeek bizi duten egoera are eta latzagoa izan daitekeela ikus genezake: gizonezkoen menpekotasuna, ezkontzeko eta sexurako saldu eta erosi daitekeen produktu bezala erabiliak izatea, klitoriaren ebaketa, eta abar luze bat.
Hamaika arrazoi Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta aiaraldeko hainbat herritan egingo diren hitzaldi, antzezlan, kontzentrazio, manifestazio eta bestelako ekitaldietara gerturatzeko eta berdintasunaren alde aurrera pausuak emateko.