Badira 13 urte Urduñako Gazte Asanblada jaio zela. Hasiera hartan, herriko neska-mutilak enparantzan biltzen ziren.
Urteak aurrera egin ahala, gaztetxea izatea lortu zuten merkatariek hutsik utzitako azokaren eraikinean. Tamalez, gaztetxea sortu eta urte betera, hiriko udalak gaztetxea behera bota zuen. Orduan, hainbat gazte berriztu gabe zegoen Alhondigan sartu ziren eraikina txukundu eta gaztetxe berri bat sortzeko asmoz, baina udalak bertatik bota eta 10 gazte salatu zituen. Harrezkeroztik, Gazte Asanbladak hainbatetan eskatu dio udalari bere ekintzak antolatu eta burutzeko lokal bat. Gaur egun, enparantzan bildu behar dira berriz.
Datorren urtarrilaren 22an, gaztetxearen eraistearen 4. urtemugaren astean, Urduñako Gazte Asanbladak lokal publiko eta autokudeatuen aldeko jaia ospatuko du. Poteoa, bazkaria, urte hauetan egin dituzten ekintzen inguruko bideoemanaldia eta “Herrikadak” eta “Al infierno en goitibera” taldeen kontzertuak egongo dira.
Animatu zaitez eta zatoz lokal autogestionatuen jaira!