150 lagun inguru bildu ziren atzo Urduñako Aduanan Félix Placerrek Gernikako Akordioaren gainean emandako hitzaldia aditu eta berarekin solasaldia izateko.
Félix Placer Teologian doktorea eta Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua da. Gaur egun Zigoitiko apaiza da, baina Urduñan izan zuen bere lehenengo esperientzia apaiz gisa 23 urte zituela. Orduan Placer apaiza Acción Catolica-ko kide zen eta garaiko egoera politiko errepresiboan agintariekin izandako tirabirek hiria uztera bultzatu zuten.
Herria 2000 Eliza eta Apaizen Koordinakundea elkarteen kidea da. Elkarte biek sinatu dute Gernikako Akordioa beste 26 alderdi politiko, sindikatu eta eragilerekin batera.
Gernikako Akordioa
Placer-ek Gernikako Akordioaren edukiak eta bere ikuspegitik dokumentuak duen balio etikoa azaldu zituen. Bere hitzetan “akordio hau guztiz onesta, objektiboa eta etikoa da”, izan ere, normalizazio politikoa lortzeko ardatzak ezartzen ditu akordioak:
-
Bermatutako biolientziarik gabeko egoera: bai ETAren su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria; bai estatuaren biolentziaren amaiera (alderdien legea, zigor-politikak, torturak, eta abar); bai presoen eskubideen onarpena eta babesa.
-
Elkarrizketa eta negoziazioa sustatuko dituen egoera politikoa ahalegindu, non ikuspegi politiko guztiek parte hartu dezaketen, Euskal Herriaren nortasuna eta autodeterminazioa onartuz eta biktima guztiak kontuan hartuz.
Placer-ek, Akordioaren inguruan Espainiar eta Frantziar estatuek eta beste alderdi politiko eta eragileek eman dituzten erantzunez aritu zen. ETAk beharrezkoa zen su-etena deklaratu du, baina Espainiar eta Frantziar gobernuek ez dute inolako aurrerapausorik eman; gotzainek, Espainiar gobernuaren eskaerekin bat eginez, jakinarazpen baten bidez ETAren desagertzea eskatzen dute;nazioarteko hainbat eragilek prozesu politikoan giza eskubideen babesa egiaztatzeko konpromisoa adierazi dute , baina Placer-ek faltan hartu du EAJk eta ELAk, besteak beste, Gernikako Akordioa sinatu ez izana.
Urtarrilak 8, presoen aldeko manifestazioa
Félix Placer izan zen pasaden urtarrilaren 8an Bilbon presoen eskubideen aldeko manifestazioa egiteko Auzitegi Nazionalari baimena eskatu ziona. Fiskal Nagusiak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak manifestazioan terrorismoa goraipatu izana leporatu eta salaketa egin dute, eta ondorioz Pedraz epaileak deklaratzera deitu du Auzitegi Nazionalera. Egoera honen aurrean, Placer lasai dago, bere ustez, manifestazioa giro baketsu eta demokratikoan egin baitzen, eta oraindik ez duela fiskaltzaren eskaera ofizialik jaso jakitera eman zuen.