Azken urte hauetan egin den legez, Urduñako hainbat alderdik, sindikatuk eta elkartek herri omenaldia egin zioten ikurriñari espainiar konstituzioaren egunaren bezperan.
Adarraren hotsak deiturik, hiritar asko bildu zen Foru Plazan ikurriñari omenaldia egiteko.
Izar Mendiguren eta Juanjo Respalditza bertsolariek hasi zuten omenaldia Xabier Lete hildakoa gogoan izan zutela “pertsonak joaten dira baina sentimenduak jarraitzen dute”.
Ondoren, Urduñako zortzi gaztek agintarien dantzarekin agurtu zituzten omenaldira gerturatutako herritarrak, eta jarraian, Euskal Herriaren ikurren aldeko agiria irakurri zen eta ikurriña goratu zuten alderdi eta elkarte sinatzaileetako ordezkariek.
Omenaldian irakurritako agiria:
Gaur abenduak 5, hemen bildu gara ikurriñari omenaldi bat egiteko helburuarekin.
1894ko udaberrian jaio zen ikurriña, Luis eta Sabino Arana anaien eskutik. Espainiak bere zabaltzean, euskal nortasuna suntsitzeko aukera eta bitarteko guztiak baliatzen zituela oharturik zeuden, eta espainiako bandera inposatzeaz gain, Sabino Aranak esan bezala berau gurtzera derrigortzen gintuztela ikusirik, euskaldunon adierazgarri izango zen bandera berri bat asmatzea erabaki zuten. Urte hartako uztailaren 14an eskegi zen lehenengo aldiz ikurriña Bilboko 'Euskaldunon Batzokija'ren inaugurazioan, hain zuzen ere. Garaiko gobernu indarrak Batzoki ireki berria itxi eta zuzendaritza batzorde osoa giltzaperatu zuen. Orain dela 116 urte gertatu zen honako hau, eta oso ezaguna da urteetan zehar berorren nortasuna aldarrikatzeagatik herri honek jasan duen eta jasaten jarraitzen duen errepresioa: fusilatuak, espetxeratuak, kolpatuak, torturatuak...
Gaur egun Euskal Herriko eskubideak errespetatu gabe jarraitzen dute. Honen adibidea ikurren legea dugu, hainbat udaleetan inposatzen ari dena, ikurriña bandera erregionalista eta folklorikoa bihurtu nahian.
Omenaldi honetako parte hartzaileek, Euskal Herriko eraikuntzan sinesten dugunok, ikurriña euskaldun guztiok bildu eta batasuna isladatzen duen ikurretako bat dela uste dugu. Hau dela eta, geure bandera bakartzat ikurriña aldarrikatzen dugu.
Jakinda ikurriña ez dela batzen gaituena gauza bakarra, Urduña eta Euskal Herria eraikitzen laguntzeko urratsak ematen jarraituko dugu.
GORA IKURRIÑA!!!
GORA EUSKAL HERRIA!!!
Alderdi, sindikatu eta elkarte sinatzaileak:
Unión de Republicanos de Euskadi (URE), Eusko Alkartasuna, Aralar, Ezker Abertzalea, Alternatiba, LAB, EHNE Bizkaia, Txarlazo Mendi Taldea, Kukumarro, Hankapalu, Gazte Independentistak, Gazte Komunistak, Urduñako Gazte Asanblada, Erauntsi Dantza Taldea, ADI Emakume Taldea, Mugalde Kultura Elkartea, Pelotazale Elkartea, Asociación Bedarbide de GAnaderos/as de la Junta de Larruazabal eta Goi Nerbioi Arrantza Eskola.