Aisialdi Taldeak koordinaturik, begirale ikastaroa egingo da.

Elizbarrutiko Heziketa eta Aisialdiko Eskolaren baitan dagoen 'Atseden Taldeak' aisialdiko begirale ikastaroa egingo du aurten Urduñan. Urduñako Aisialdi Taldea izango da ikastaroaren koordinatzailea.

Elizbarrutiko Heziketa eta Aisialdiko Eskolaren baitan dagoen 'Atseden Taldeak' aisialdiko begirale ikastaroa egingo du aurten Urduñan. Urduñako Aisialdi Taldea izango da ikastaroaren koordinatzailea.

Ikastaro hau aisialdiko hezkuntza ez formalean jakinmina dutenei zuzendurik dago. Ikastaroa azaroaren 19an hasiko da eta datorren urteko ekainean amaituko da. Eskolak asteburuetan izango dira; denera 200 ordu teoriko eta praktikazko 120 ordu egingo dira. Izena emateko epea azaroaren 8an bukatuko da.

Urduñako Aisialdi Taldea ibilbide luzeko taldea da; izan ere badira 40 urte talde honek hiriko ume eta gazteei zuzenduriko ekintzak antolatzen dituela. Elkarte honen egitekoa eta xedea gertuagotik ezagutarazteko asmoz, aiaraldea.com-ek elkarrizketa izan du eurekin:

Noiz jaio zen Urduñako Aisialdi Taldea?

1970. urtean sortutako taldea da. Urte horietan Urduñan zebilen apaiza, Don Esteban hain zuzen, eta begirale bolondres talde bat hiriko ume eta gazteentzat udako kanpamentuak antolatzen hasi ziren. 1985. urtea heldu zenerako, taldea urte osoan zehar ekintzak egiten hasi zen eta modu horretan darama hainbat urte.

Azken ekain honetan, gure taldeak antolatzen dituen kanpamentuen eta udalekuen 40. urteurrena ospatu genuen hainbat ekintza eginez, modu honetan bolondresez osaturiko aisialdi taldeak bizirik gaudela erakusten.Ohore handiz mantentzen gara taldean gaur egungo begiraleak, duela 40 urte sortu ziren ekintzekin jarraituz eta etorkizunari begira inongo beldurrik gabe. Gorabeherak egon dira urte hauetan zehar baina espiritua eta lan egiteko nahia berdina izan da beti, ume eta gazteentzako ekintzak egitea, hauek ondo pasatzea, haiekin ondo pasatzea eta ahal dugun heinean aisialdian heztea.

Zer ekintza egiten dituzue urtean zehar eta nori zuzenduak?

Ikasturtean zehar larunbat arratsaldero jolasak edo tailerrak, hiruhilabete bakoitzeko asteburu batean bi eguneko irteera edozein herriko etxe batera eta Gabonetan hiru eguneko udaleku txikiak egiten ditugu. Hauek ekintza garrantzitsuenetakoak dira, baina gurasoentzako irteera bat, kurtso hasiera eta bukaerako irteerak, San Blasen erroskilak egitea eta banatzea, eta Gasteizko izotz pistara irteera ere egiten ditugu. Ekintza hauek guztiak taldean apuntatuta dauden umeei zuzenduta daude. Hau guztia ez ezik, P.I.N.-era joaten gara eta behin baino gehiagotan irteera hau herriko ume guztientzat irekitzen dugu.

Uztailean kanpamentuak eta udalekuak antolatzen ditugu, bakoitza 10 egunekoa, irekiak dira eta edonork parte hartu dezake. Azken hauek, taldea sortu zenetik oinarrizko ekintzak dira. Parte hartzeko adina 7 urtetik (Lehen Hezkuntzako 2. kurtsoa) 16 urtera (D.B.H-ko 4. kurtsoa) doa, bai kanpamentuetarako bai urtean zehar egiten diren ekintzetarako.

Beraz, ume eta gazteak ondo pasatzeko ekintza mordoa antolatzen dugu. Gehienak taldean apuntatuta daudenentzat, baina taldean edozein haur eta gazte sartu daiteke. Kurtso hasieran irekitzen dugu apuntatzeko epea, baina edozein momentuan izena emateko aukera dago.

 Zein da zuen taldeak egiten duen lanaren helburua?

Bakarrik ondo pasatzeko “leku” bat garela eta umeak ordu batzuetan zehar entretenitzeko gaudela, kanpotik ikusten den irudia izan daiteke baina gure helburu nagusienetako balioetan oinarritutako heziketa ez formala ematea da. Eskolan egiten ez den moduan hezi nahi dugu, bizitzan oso baliogarriak diren balio batzuk (lagunartekotasuna, berdintasuna, etab.) beste modu batean transmititzea jolasen, tailerren edo txangoen bidez.

Aurten begirale ikastaroa Urduñan egiten da, zer egiten da ikastaro honetan? Zertarako balio du?

Esperientzian eta parte hartzean oinarritutako metodologiaren bidez, begirale izateko beharrezkoak diren oinarrizko konpetentziak jasotzen dira. Modu dinamiko, entretenigarri eta, batez ere, praktiko batean ezaguera berriak barneratzeko aukera dago. Begirale moduan lan egiteko oso baliogarria da ikastaro hau eta mundu honetan lan egiten duten instituzio, talde eta enpresek titulazio hau eskatzen dute.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide