Tubacex-Aceralavako LAB, CC.OO, ELA eta UGT sindikatuek mobilizazio eta lan uzte berriak iragarri dituzte enpresa kaleratutako langile bat berriz ere hartzera behartzeko. Era berean, sindikatuok hamarkadetan zehar irabazitako eskubideak enpresa ezartzen ari den nagusikeriagatik galdu izana salatu dute.
Aurreko asteetan, langileek txanda bakoitzeko ordu beteko lan uzteak egin dituzte, eta egoera bideratu ezean, datorren asterako txanda bakoitzeko hiru orduko lan uzteak egingo dituzte ostegun eta ostiralean. Era berean, kontzentrazioak deitu dituzte urriaren 18, 19 eta 20rako Tubacex enpresak Laudion duen egoitzaren aurrean 13:30etatik, 14:30etara.
Gertaerak pasa den uztailan hasi ziren, enpresak disziplina espediente bat dela-eta langile bat kaleratzea erabaki zuenean; sindikatu guztiek aho batez "gehiegikeritzat" jo zuten neurria, izan ere eztabaida bat izateagatik kaleratzea "neurrigabea" iruditu zitzaien. Enpresak kasua berrikusteko konpromisoa azaldu zuen baina gerora langilea kaleratzeko hartutako erabakian berretsi zen, kaleratzea "bidegabeko kaleratzea" zela onartu zuen. Datorren urriaren 25an izango dute epaiketa.