BI 625 errepidetik Urduñara sartzeko gaur egun dauden 3 bidegurutzeak eraldatuko dituztela jakinarazi du Urduñako udalak Zikoina aldizkariaren bitartez.
Asko izan dira seihesbide hau egin zutenetik, Delikarako, Gasteizerako eta Bilborako bidegurutze hauetan gertatutako auto istripuak. Izan ere, gaur egun BI 625 errepideak biribilguneak erditik zeharkatzen ditu eta bertatik dabiltzan autoak abiadura handian igarotzen dira. Eraldatze lanekin, bidegurutze hauetan ohiko errotondak egingo dituzte, eta ondorioz autoek nahi eta nahi ez edozein norabidetan joateko errotonda egin beharko dute eta beraz, abiadura murriztu.
Aldaketa hauez gain, oinezkoek errepidearen bazterretatik ibiltzea ekiditzeko, gaur egun dauden oniezkoentzako bideekin lotuko diren lau espaloi berri egingo dituzte.
Espaloi hauetako bat Landeta auzoraino helduko da eta Tertanga errekatxoa zeharkatzeko Delikarako errepidearekin paraleloan joango den oinezkoentzako pasabide edo zubi bat eraikiko dute. Udalak aldiz, ez dute jakitera eman oinezkoek Delikako bidegurutzea zeharkatu behar ez izateko nolabaiteko berrikuntzarik proiektatu den. Izan ere, gaur egun, Landetako bizilagunek Delikarako biribilgunea erditik zeharkatu eta errepidearen ertzetik ibili behar dute auzoraino, honek dakartzan arriskuekin.
Udalak ezagutzera eman duenez, lan hauek egiteko aurrekontua 1.907.541.76 eurokoa da.