Goizean goiz sukaldari nagusi, gazte eta txiki ugari bildu dira Foru Plazan eta arkupeetan pil-pil erako bakailao eta patata tortillazko txapelketetan parte hartzeko. Partehartzea oso handia izan da bi lehiaketetan.
8 t'erdietan hasi dira lehenengo sukaldariak bakailaoa prestatzen; elikagaiak eta sukaldeko tresnak bildu, sua piztu eta balailao kazolak mimoz mugitzeari ekin diote. Eguerdiko ordubatak aldera hiru epailez osatutako epaimahaiak irabazleak zeintzu izan diren erabaki du. Bi kategorietan lehiatu dute kazolek: orokorra eta tokian tokikoa. Bietan, Toño Álvarez urduñarrak eraman du txapela.
Patata tortillazko txapelketarako, 11 t'erdiak aldera hasi dira parte hartzaileak antolakuntzak emandako arraultzak irabiatzen eta patatak zuritzen. Azkenean, Luis Lozano hiritarrak irabazi du.