Urtebeteko itxaronaldi luzearen ostean, atzo iluntzeko bederatzietan eman zitzaien hasiera Otxomaioei. Eta urtero bezala, euripean.
Aurtengo txupinazoa saskibaloiko Bedarbide taldeko kide gazteek bota dute udaletxeko balkoitik, Bihotza txistulariaren erraldoia aldean zutela eta Foru Plazan ehunka hiritar jaien hasiera ospatzeko irrikaz zeudelarik.
Suziria bota eta 'GORA OTXOMAIO!', 'GORA URDUÑA!' eta 'GORA EUSKAL HERRIA!' ohiukatzearekin batera urduñarrek festari ekin zioten.
Txarangaren musikak hiriko alde zaharreko bazter guztiak bete zituen eta urduñarrek, eguraldi kaxkarrari aurre egiteko, txapela eta abarkak jantzi eta dantzari ekin zioten kaleetan zehar.
Udal frontoian ere ehunka lagun bildu ziren Leizaren eta Beroizen arteko pilota partiduaz gozatzeko.
Gaur ere hainbat ekintza egongo dira. Izan ere, Santa Zezilia bandak hiritarrak goizeko bederatzi t'erdietan iratzarriko ditu jaietako egun nagusia den hau goizean goizetik ospatu dezaten.
Beraz aiaraldearrok, asteburu hontan gerturatu zaitezte Urduñara!