Urduñako Udalak jakinarazi duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak iragan otsailaren 17an Gasteizko Elizbarrutiko gotzaintzari Familia Santuko elizaren obrak aurrera eramateko hirigintza-lizentzia ematea erabaki zuen.
Lizentzia horretan, hiriko Udalak birgaitze lanak 5 urteko epean egitea eskatzen dio elizaren jabetza duen Gasteizko Elizbarrutiari.
Izan ere, XVII. mendeko eraikinaren aurrealdearen narriadura nabarmena da. Azken urteetan harri asko askatu egin dira, eta gaur egun armarriak ia-ia guztiz erori dira.
Hiritarrak txintxor horiek sortzen zuten arriskuaz babesteko, Udalak 2006. urtean elizako aurrealdearen inguruak hesiz itxi zituen. Orduan ere Urduñako Udalak konpontze lanak ahalik eta lasterren hasteko eskatu zion Elizbarrutiari, baina harrezkeroztik hesiek bertan jarraitzen dute.