Aurten ere, duela 2 urte bezala, ederki hasiko dugu eguna urduñarrok. Iratzartu, aurpegia garbitu, zapatilak jantzi eta kalera! Azken urteetan gaueko ordu txikietan edo egunsentia aldera pasa izan da korrika Urduñatik, eta horrek badu xarma berezia.
Dena ilun dagoela etxetik irten eta, beste bizilagunekin batera, errepiden aurrera egiten dut Korrikarekin topatzera. Gaueko isiltasunean, furgonetako bozgorailuetatik irtenten den musika eta korrikalarien ohiuak entzuteko irrikaz! Eta beti garaiz, badator furgoneta argitsua eta atzetik korrikalari alai mordoa! Unerik zirraragarriena da hori!
Batzuetan izarren azpian, besteetan euripean, baina iluntasunak argiaren distira eta soinuak haundiagotzeko duen gaitasun horrek lilura berezia ematen dio Korrikari. Harrotasunez, korrikalarien taldera gehitu eta tipi-tapa korrika! Herrira sartzen garenerako korrikalari talde handitxoa egoten da beti, eta dibertigarria da ere lokarturik dauden bizilagunak euskararen aldeko ohiu eta abestiekin jeikiaraztea. Eguna hasteko modu ederra da!