[IRITZIA] Zaintza kolektiboa izango da edo ez da izango

Erabiltzailearen aurpegia Ira Pereiro Urkijo 2020ko mar. 17a, 07:00

Irudia: Argia.eus

Testu honekin hasteko, argi utzi nahi dut ez naizela batere aditua gaixotasunetan, epidemietan edota dena delakoetan. Ez dut inoren beldurra epaitzeko asmorik ezta botererik, ez dut uste egia absolutua nirea denik, eta ez dut inor konbentzitzeko idazten ere. Nire esperientziatik eta pentsamenduetatik abiatuta nator gaur zuengana.

Ziztu bizian gertatu den prozesua izan da hau, ia konturatu gabe gainera etorri zaiguna. Duela gutxi hasi ginen beste herrialde urrun batean gertatzen ari zena entzuten, beste planeta batean gertatzen ari izango balitz bezala. Bat-batean, hemen ondoan omen zegoen hondamendia, batzuk urduritu egin ziren orduan. Momentu batetik bestera, gure haurrak eskoletara ez ekartzearen agindua jaso genuen, bakoitza bere etxeetara, eta irakasle zein hezitzaileok hor geratu ginen, zer egin jakin gabe, antolatzen, zoratzen, aurreko egunetan gure ikasle txikitxoei ezpainetan emandako muxuak oroitzen, horrek izango ahal zuen ba koronabirusa? Nola mantentzen da ba metro bateko distantzia etengabe zure maitasuna eta babesa eskatzen dizun pertsona txiki horrekin? Zaila da, bai. Eta bitartean, komertzioak, fabrikak, etxeko langileak lanean… Non ote daude gure umeak gaur ba? Galdetzen genion gure buruari. Bada, amamarekin, aititerekin… Nolatan? Haurrak birusaren eramaileak badira, baina asintomatikoak, eta gure nagusiekin uzten baditugu, zer gertatuko da?

Baina noski, produkzioa geratzea, kontsumoa apaltzea, hori azken momentuko neurria izango da beti bizi garen sistema kapitalista honetan. Ez naizela batere aditua errepikatu nahi dut, argi utzi. Nik ez dakit horrelako neurriek ekonomian duten ondorioa, baina argi dudana zera da: feministok eta hainbat herri mugimenduk askotan errepikatu duguna, beste behin ere zaintza bazterrean geratzen dela, ez duela garrantzirik, eremu pribatuko gauza dela, hor konpon.

Eta ez! Harro nago beste behin ere mugimendu feministak eta herri mugimenduak mahaian ukabila jarri dutelako, antolatu garelako, irtenbideak bilatzen saiatu garelako eta saiatuko garelako. Nahikoa da!

Gertatzen ari den hau guretzat eta pribilegio gutxiago dituztenentzat kaka zahar bat da, eta gure eskuetan dagoena egiten saiatu behar gara, arduraz jokatu behar dugu. Baina argi izan gu etxean egoteak (telelana egiten adibidez, kontratu finko eta baldintza duinak ditugunon pribilegioa, noski), gure bizitzak eta elkarrizketak gai honen barruan bakarrik mugitzeak, kanpoan gertatu diren eta gertatzen ari diren beste kontuak ahazteak, beste batzuei ikaragarrizko onurak ekarriko dizkiela. Zentzuz jokatu, neurriak hartu, baina antolatu gaitezen, zaintza kolektiboa da. Animo!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide