IRITZIA

Erailtzen zaituzten bitartean oihukatzen dizutenak axola du

Erabiltzailearen aurpegia Ira Pereiro Urkijo 2022ko urt. 15a, 06:30

Amurrion jazotako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea. / Maddi Isasi Azkarraga

Bizi izan dugun azken urte honetan, LGTBfobia kasu ugari salatu dira Euskal Herrian zein Estatuan, eta gure eskualdea ez da salbuespena izan. Erasoen gorakada handia igarri da kolektibo honen aurka, jendartea kezkatuta dago, jipoiak eta erailketa ugari gertatu baitira. Beldurra nabaria da. Komunikabideek badakite txanponaren zein alde erakutsi. Kasu tragikoak, ospitalean edo hilerrian bukaera dutenak, ustez pertsona arrazializatuek egindakoak, edo “viva Franco” oihukatzen duen rapaturen batek akaso.

Argi dago, ez dugu kaletik beldurrez joan nahi marikak, transak edo bollerak izate hutsagatik. Baina, zerk sostengatzen du hain agerikoa den indarkeria hau? Gure aurkako erasoak etengabekoak dira. Langabezia tasa, pertsona zisheteroena baino askoz altuagoa da, osasun publikoaren gurekiko arreta benetan penagarria da, eskoletan dagoen jazarpenaren aurrean hezkuntza sistema ez dago batere prest, eta instituzioek, etengabe zapaltzen gaituzte. Gainera, TERF (Trans Excluyent Radical Feminist) diskurtsoak izugarrizko indarra hartu du Euskal Herrian, eta honek duen arriskuaz oraindik ez gara guztiz ohartu. Haien diskurtso biologizista eta faxistak dituen ondorioak nabariak dira gure bizitzetan, trans eta queer errealitateak ezabatzen dituzte eta gure bizitzetan bete-betean sartzen dira. Agerikoa da trans-legearekin gertatu dena, besteak beste: Espainiar nazionalitatea ez duten pertsonak, adinez txikikoak, eta identitate ez-bitarrak, lege horretatik kanpo geratzen dira. Nor engainatu nahi dute?

Eta, noski, sistemak engranajeak txukun ahokatuak ditu. Alde batetik, bizi dugun pandemiak, sareak mantentzea asko zaildu du. Argi dago honi guztiari aurre egiteko kolektiboa ezinbestekoa dela, baina, azken urte eta erdian bizitako egoera izugarrizko oztopoa izan da horretarako. Gainera, esan bezala, muntatuta dagoen amarru honek pieza guztiak oso ondo ezarrita ditu, eta garai berrietara ederki moldatzen da. Gure gizarte honek ez ditu gay-ak, lesbianak eta transak onartzen soilik, modan jarri ditu, telebistan agertzen dira, eta haientzako produktu zein legeak sortzen ditu. Orduan, zein da gure kexa? Ez gaituztela jipoitzen “sexu bereko” pertsonekin oheratzeagatik, luma erakusteagatik baizik. Ez gaituztela erailtzen jaiotzetik indarrez ezarritako identitatearekin ez identifikatzeagatik, zis itxura ez izateagatik baizik. Gorroto dutena ez dela gure desira, gorroto dutena kalean erakustea dela. Ezabatu nahi dutena ez direla gure arteko harremanak, gure maitatzeko eta zaintzeko era ez monogamo eta ez heteroarautua baizik. Baina, ea ulertzen duzuen, ez dugu zuen norman sartzeko baimenik nahi, zuen norma suntsitzera gatoz!

Eta badakigu, ez da erreza, beldurra dugu batzuetan, gure herrietako kaleetatik joatea arriskutsua izan baitaiteke. Baina, ez dugu beste aukerarik autodefentsa transmaribibolloa erabiltzea baino. Antolatu gaitezen, kolektiboan borroka dezagun!

Eta bai, erailtzen zaituzten bitartean oihukatzen dizutenak inporta du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide