Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako neska* gazteak bildu izan gara urriaren 4an eta 5ean Lizarrako karriketan; saretu, hausnartu, eztabaidatu eta formatzeko, V. jardunaldi feministetara ahots propioz joateko asmoz.
Lehenengo arratsaldean, neska* gazte taldeen diagnostikoarekin batera, aurrera begirako gure norabide eta erronkak zehazten hasi ginen. Ostean, gure genealogiari erreparatzeko tartea ere izan genuen, aurreko belaunaldietako militanteekin batera esperientziak konpartituta.
Larunbatean, aldiz, autodefentsa feministaren inguruan ibili ginen solasean eta honekin batera amaitu genuen lantaldekako dinamika, hitzaldiei hasiera emateko. Feminismo dekoloniala, ekofeminismoa, euskal langile andreak, bollera izatea Euskal Herrian eta abar luze batez aritzeaz gain, autodefentsa feministarako tresnak sortzeko aukera ere izan genuen.
Baina hau guztia ez da Lizarran amaitzen. Orain, herrietan lanean jarraitzea dagokigu. Autodefentsa feminista armatzat, erronka berriei eustera goaz.
“Ezinezkoa zela esan ziguten, baina berandu. Askatasuna, ametsa ezin zela izan aspaldi ikasi genuen”.