Uztailaren 23ko gau sargoritsua, zazpi jauzika dantzan eta trekking beltzak hautsez zuri bilakatuak. Eszenatokiko argiek sortzen duten parentesien arteko itsasoan urpekari baten moduan alde batetik bestera, gora eta behera. Lagunen laztan artean azala bero. Saltoka jartzen zaituen abestia zure lagun minarekin kantatzera zoaz eta bere begirada konplizearen bila biratzen duzu burua, baina ohartzen zara ez zaudetela itsaso bera arakatzen ari, bera gainazalean gelditu da. Eta orduan, mamuak berriz buruan.
Ustezko normaltasunerako buelta irudikatzen zuen uda osoa eman dugu alerta mezuen menpeko, gorputza goitik behera bustitzen ari gintuen informazio guztia nola kudeatu oso ondo jakin gabe. Gutako askok telebista itzali eta gure ingurukoekin eseri ginen zalantzak eta arantzak gorputzetik gorputzera hitz eginez mahai gainean jartzeko, baina ezin ukatu galdera horien erantzunen bila sareetara ere jotzen genuela maiz. Festarik festa herrietako mugimendu feministen komunikatuak irakurtzen ibili izan gara, inguruan zer gertatzen ari zen ezagutzeko, zifretatik at, titular morbosoetatik at. Eta jaietako txupinazoekin barruko beldurrak eztandarazi zizkiguten modu berean, udako festen traka finalarekin batera utzi dizkigute emozioz beteriko zauriak irekirik.
Elikagai eta gasolinaren prezioek ordezkatu dituzte ziztada eta erasoen zifrak, berriz ere testuingururik gabeko zenbakiak, berriz ere herritarren fokoa bideratzeko edukirik gabeko tresnak. Sentsazioa izan dezakegu atzean utzi genuela udako fenomenoa, baina beldurraren zaurian hatzamarra sartzen jarraitzeko mekanismoak bilatzen ditu sistemak etengabe. Ez da kasualitatea “Solo sí es sí” legearekin komunikabideetatik eta gizarteko zenbait sektoreetatik egiten ari den irakurketa, eta beraz, herritarroi bidaltzen ari zaigun mezua. Murrizten ari diren kondenak eta kaleratuak izan daitezkeen erasotzaileen berriak izaten ari dira lerroburu, gizartea bat-batean kontrola ezin daitezkeen gizon biolentoz beteko balitz bezala, guztiz irreala den baina etengabe saltzen diguten erasotzaile ezezagun eta “psikopaten” irudia elikatuz. Ez al dago ba jada gizartea isilean eta normaltasun osoz erasotzen gaituzten senide, lagun eta lankidez betea?
Beldurra sentitzea zilegi da, baina beldurra sorraraztea ez. Hor jarri nahiko nuke fokoa. Biktima eta biktimario eredu oso zehatzak erakutsi dizkigute. Estrukturala den indarkeria matxista sistemak onar ditzakeen estrukturetara moldatzen ikusi dugu azken urte hauetan, gizarteak bazterrean nahi dituen kolektiboak sistematikoki kriminalizatuz edota emakume zein gorputz disidenteok espazio publikoak okupatzea arduraren erdigunean kokatuz. Marko horretatik ateratzen dena, aldiz, zokoratzen da, mina eta sufrimenduaren mailakatze bat eginez.
Gabonetan murgildurik gauden honetan, gure egingo ez ditugun hamaika titular entzungo ditugu. Baina horien artean ez da egongo urtean behin ikusten duzun osabaren komentarioa, afarietara etortzeari utzi dion lehengusinarekiko kritika edota senideen lagun batek goitik behera biluzten zaituen begirada. Horregatik, gutxinaka arrakalatzen goazen pareten zirrikituetan lurra bota eta gutasun berri bat landatzeko unea heldu zaigu, ekaitza ari duenean ere emeki zainduko duguna, emeki zainduko gaituena.
Urtarrilaren 1a, izerdi tantak paretetan eta gure masailak gorri. Borobilean, gorputzak zubi eta konplize ditudan begiradekin epairik gabe okupatu nahiko nituzke taberna, kale zein etxe. Feminismoa zerbait bada, arnasteko tresna bat delako.