IRITZIA

Emakumezkoen euskal txirrindularitza lasterketetan ezarritako adin muga bertan behera geratzea lortu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Nuñez 2023ko mar. 13a, 14:00

Aiaraldeko ziklokros proba bat, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

2022aren amaieran, Emakumeen Txirrindularitzako Euskaldun Torneoan adin-muga ezarri izanaren albistea agertu zen. Honek, 26 urtetik gorako emakumeen parte hartzea debekatzen zuen txapelketa horretan. Inoiz ez naiz isilik geratzekoa horrelako egoeren aurrean, eta oraingoan ezin zen gutxiago izan. Beraz, berehala kritikatu nuen Euskadiko Txirrindularitza Federazioa, sare sozialen bidez, albistearen oihartzun handiagoa egitea lortu eta aldaketa bat egitearen alde.

Hilabete bat beranduago, artikulu bat idatzi nuen Euskadiko emakumezkoen txirrindularitzaren egoera azaltzeko eta 2023rako panoramak zuen itxura txarra adieraziz. Orain, martxoan, lehen txio hori plazaratu eta hiru hilabete beranduago, lan asko egin ondoren, albiste on batekin idazten dut: 2023an ez da adin mugarik egongo Emakumeen Txirrindularitzako Euskaldun Torneoan.

Ez da prozesu erraza izan, baina bai Uxue Albizuak bai nik argi geneukan geratzeko etorritako araua zela. Ahalik eta neska gehien elkartu genituen eta egoera nolakoa zen azaldu genuen: federazioak araudi bat onartu zuen duela hilabete bat emakume korrikalari bati errua botata eta inork ez zuen ezer egin hura aldatzeko. Neurri asko etorri zitzaizkigun burura: euskal federazioari idaztea, sinadurak batzea, hainbat hedabidetara idaztea edo lasterketaren batean plantoren bat egitea.

Eneko Fernandezek 12 urte daramatzana arrazoi beragatik borrokan mutilen txirrindularitzaren esparruan, eta oinak lurrean jarri zizkigun: batzar erabakiak soilik batzarrean alda daitezke, eta gainerako guztia alferrikako lana egitea zen. Eneko oso garratsitzua izan zen honetan, berak gidatu gintuen eta lagundu zigun prozesu osoan zehar. 

Lehenengo eman behar zen pausoa, bi hilabete arinago kanpoan uzten gintuen artikuluaren beste bozketa bat eskatzea zen. Kuskumendi M.B.T, Iñaki Pinedo, Zuia Txirrindulari Elkartea eta Lokatza Ziklismo Eskolaren sinadurei esker, horretarako bigarren aukera bat lortu genuen.

Eskaera bidali eta onartu ondoren, urratsik zailena zetorkigun: botoak. 75 batzarkidek osatzen dute batzarra, baina, oro har, botoa duten pertsonen erdia biltzen da batzarretan. Horretan erantzukizun handia du baita ere Federazioak, ez baitu erraztasunik ematen batzarkideek botoa emateko eskubidea ziurtatu dezaten; adibidez, bileretara telematikoki joateko aukera emanez, sarritan iradokitu eta eskatu dena.

Azkenik, hainbat lanegunen ondoren, otsailaren 17an Eibarren aurkeztu ginen, ezer lortuko genuela pentsatu gabe, baina ahalik eta arinen borrokan hasteko gogoz. Federazioko presidentea den Raul Menak bileran aurkeztu zituen egun horretan bozkatzekoak ziren gaiak, eta arau hau bertan behera uzteko puntua iritsi zenean, minutu batzuk eman zizkigun gure ideia defendatzeko eta azaltzeko zergatik uste dugun arau hori ez litzatekeela egon behar.

Mota guztietako ideiak sortu zituen eztabaida baten ondoren, bozkaketa egin zen. 17 aldeko boto, 12 kontrako boto eta 2 abstentzio.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu araua kentzearen alde bozkatu zuten klub guztiei gu entzuteagatik eta beste urtebetez gure pasioaz gozatzen jarraitzeko aukera emateagatik. Emaitzarekin konforme, baina erne betiere, 2023rako arau hau proposatu den moduan, badakigulako 2024an berriro bueltatu daitekela. Ez dugu amore emango  ez gure hitzetan, ez gure botoan, eta ez diegu utziko bulegoetan dauden pertsonei erabakitzen gure lehiatzeko aukera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide