UEUko eskaintzaren baitan “Herrigintza feminismotik” ikastaroa eman zuten Joxemi Zumalabeko kideek urriaren 21 eta 22an. Marta Luxaan Serrano eta Unai Txurruka Maiztegiren laguntzaz, hamar bat lagunekin ikasitakoaren gogoetak dira honakoak. Hamaika ordutan, herrigintza feminismotik eraldatzeko mahaigaineratutako hamaika gako.
Herrigintza kokatuz
Zertaz ari gara, baina, herrigintza aipatzean? Hau izan liteke definizio bat: jendarte eredua eraldatze bidean herriak eta herritarrek era auto-antolatuan garatzen dituzten ekimenak, subjektu kolektiboa sortuz.
Feminismoaren garrantziaz jabetzen eta abiapuntua kokatzen laguntzen duen beste galdera bat: Zein ekarpen egiten diote feminismoek herrigintzari? Berrirakurketa kritikoa, pertsonala politikoa dela ohartaraztea, emakumeen esperientzien eta ekimenen berreskurapena, botere harremanak ikusarazi eta desagerraraztea... Finean, dinamika ezberdinetan begirada feministak txertatzea.
Militantziaren ulerkera
Militantzia ikuspegi kritiko oro da, ez da momentu bateko gauza. Orain arte “24 orduko militantzia eredua” egon da errotua hainbat proiektutan. Militantzia kontzeptuari buelta emateko garaia da: 24 orduko disposizioa baino, 24 orduz bizi eredu askatzaileak baliatzea izan beharko luke. Adibide garbi bat: astean bitan bokatak edo pintxoak jatea bileragatik ez da sanoa, ezta bultzatu behar den lan eredua. Eremu eta momentu oro bada politiko eta borrokagai, ondorioz, edonoiz, edonon, edozein praktikarekin lortu dezakegu aldaketa eragitea. Horregatik, ekarpenak eta egitasmoak ulertzeko modu anitzak daudela hartu behar da kontuan, identitatea ez baita estatikoa, ezta alde bakarrekoa ere.
Eraginkortasuna VS Ondo pasatzea
Eraginkortasuna ala ondo pasatzera, zer bilatzen dugu? Pertsona eta militantea bat dira. Denaren gainetik pertsonak gara, nekatu egiten gara, fundamentuz jan edo atseden hartzeko beharra dugu... Eraginez ondo pasatzea izan behar da helburua, edo ondo pasatuz eragitea. Nola, baina?
Parte hartzean zaintza lanari arreta jartzeak eragin handia du horretan, pertsona orok baititu zaindu beharreko gorputz bat eta sentimenduak. Zein da erronka, hortaz? Amesten dugun eredu berria gaurdanik bizitzea.
Jakin, nahi eta ahal. Hiru aditz, hiru gako
Parte hartzea ez da neutroa. Edozein proiektutan parte hartzea bermatzeko hiru langa gainditu behar dira normalean: formazioa, motibazioa eta antolaketa parte hartzailea.
Formazioari dagokionez, parte hartzen “jakin” behar da: eginkizunerako informazioa jaso behar dugu, eta transmititzen jakin. Horrez gain, kideen artean komunikatzen eta erlazionatzen jakin behar dugu, komunikazioa eta kohesioa sendotzeko. Talde funtzionamenduari eutsi behar zaio, motibazioa dela talde funtzionamenduaren motoreetako bat ahaztu gabe.
Proiektu guztietako kideek interesa izan behar dute, parte hartzeko “nahi” bat egon behar da. Horretarako funtsezkoa da satisfakzio sozio-afektiboa garatzea, harreman on eta sanoak garatzea.
Hirugarren giltza antolaketa parte hartzailea da, jendeak proiektuan parte hartzeko aukera izan behar baitu. Horretarako parte hartzeko bide eta mekanismoez hausnartzea ezinbestekoa da, komunikazio bideak eta moldeak berrikustea. Bilerak ordu jakin batean egiten badira, nahi arren bertaratu ezin den horri ateak ixten zaizkio. Zentzu horretan, erabaki guneak eta uneak taldeetan adostea komeni da, baita komunikatzeko kanalak ere (whatsappa, emaila, deialdiak nola egin...). Jendeak gure proiektuarekin bat egin dezan, parte hartu “ahal” izateko aukerak behar ditu, eta horrek funtzionamenduan moldaketak planteatzea suposatzen du, ekarpenak egiteko moduak areagotzea.
“Gu ere zapaltzaileak gara”
Erabaki gune eta uneetatik kanpo uzten den pertsona edo ideia oro da baztertua. Gizartea, eta gu geu, zapalkuntza anitzetan hezi eta haziak gara. Sarri gure aldamenekoa -edo laguna- da etsai. Eta beste askotan gure burua. Botere harremanak dira egoera horiek ematearen arazoetako bat. Horiek, hainbat faktorek sortzen dituzte: sexu edo generoak, hizkuntzak, gorputzak, hezkuntza mailak, esperientziak, jario edo adierazkortasunak, dedikazioak...
Denok dugu aintzat hartuak izateko beharra, baita sozialki onartua izatekoa ere. Izan ere, dikotomia identitarioan, banaketan eta hierarkizazioan oinarritutako eraikuntza baten parte gara. Maskulinoa kultura eta publikoarekin lotua izan da (arrazionalitatea, produktiboa, gogorra, publikoa, ikusgarria, baloratua, autonomoa, aktiboa) eta femeninoa naturala eta pribatuarekin (natura, gorputza,emozioak, erreproduktiboa, ahula, pribatua, ikusezina, ez baloratua, mendekoa, pasiboa). Funtsean, urteetan zehar maskulinoa izaki osotzat definitu da, eta femeninoa osatu gabetzat; eta jakina, zuzenean edo zeharka, horrek herrigintzan ere eragina izan du.
Kidea, taldea eta proiektua; zaindu beharreko hiru erpin
Proiektu batek aurrera egin dezan ezinbestekoa da kidearen, taldearen eta proiektuaren arteko oreka. Kidea norbanakoa da, zu zeu. Taldea, aldiz, proiektuaren bihotza, erritmoa markatu eta bizitza ematen diona. Horregatik, taldeak kidea zaindu behar du, eta kideak taldea. Proiektuaren zaintzari arreta jartzea ere oso inportantea da, kideak ez nekatzeko neurriak hartu behar dira eta. Hiru erpin edo punta horien orekan dago gakoa. Giro ona beti da lagungarria, arazoez hitz egiteko gaitasuna edo erosotasuna eskaini behar du taldeak. Zenbat jendek utzi du proiekturen bat nekatu edo erre egin delako? Lan karga edo banaketak zer nolako eragina du horretan? Botere harremanek zer zerikusi dute guzti horretan?
Hiru zaintza mota
Herrigintza proiektuek ezaugarritzen dute, proiektuak taldeek osatzen dituzte, eta taldeak pertsonek. Ziklo horri helduz, beraz, nahitaezkoa da hiru elementu horien arteko oreka eta zaintza.
Norbanakoaren zaintza da...
-
Kideen beharrizanei arreta jartzea eta interes zein gaitasun pertsonalei lekua egitea
-
Delegatzen ikastea eta aldi beean ardurak hartzen eta banatzen jakitea
-
Norbanakoa ahalduntzea eta egoeraren arabera ezetz (edo baietz) esaten jakitea
-
Espektatibak kudeatzen ikastea
-
Emozioak taldean azaltzea eta lantzea: huts egiteari beldurra kentzea, lotsa edo kontzientzia txarra ekiditea...
-
Barneko kezkak, zalantzak eta arazoak taldean lantzea
Taldearena:
-
Talde harremanei arreta eskaintzea, talde bizitza osasuntsua sustatzea
-
Bilerak noiz, non, eta nola egiten diren kontuan hartzea
-
Erabakiak modu parte hartzailean eta parekidean hartzeko gaitasuna lantzea
-
Rolak, ardurak eta egitekoak txandakatzea
-
Taldekide guztiak protagonista izateko guztien iritzia kontutan izatea.
-
Bilera eta ekintza formaletatik aparte dauden momentu eta harreman informalak erabakigune ez bilakatzea. Finean, horizontaltasunaren bidean urratsak ematea.
Proiektuarena:
-
Proiektua gauzatzea, dituen beharrak identifikatu eta asez
-
Proiektua aurrera eramateko beharrezkoa den pertsonen dedikazioa identifikatzea, eta ostean, taldekideen dedikazioa zenbatekoa eta nolakoa izango den adostea
Herrigintzaren gazi eta gozo batzuk, ikuspegi feministatik
Herrigintza askotan gazi-gozoa da. Gazia, oraindik ere erabakiguneetan emakumeen presentzia gutxi dagoelako, belaunaldiartekotasunak, esperientziak zein generoak parte hartzerako orduan eragina duelako, pertsona edo lan egiteko modu batzuen aurrean harremanak hautsi eta amore ematen delako... Hainbat espaziotan ahalduntzea falta da, hierarkizazio asko dago, bileren dinamizatzaile edo dinamizatzeko moduei erreparatzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Helburu berera heltzeko bide eta modu ezberdinak daude. Nola uztartu, ordea, proiektuetara pertsonak batu eta bidean ez galtzeko?
Egoera pertsonalak aintzat hartzea izan liteke pausoetako bat: bilerak egitean haurtzaindegi zerbitzua planteatzea guraso direnek bertaratzeko aukera izan dezaten, hitzorduen ordutegi eta lekuak aukeratzean pertsona eta egoera ezberdinak kontuan hartzea: tokien erosotasuna eta irisgarritasuna, orduen egokitasuna (ikasle, gazte, heldu zein edadetuak bertaratzeko aukera izan dezaten eta abar).
Hori bai, tresnak berritu behar dira, parte hartze mekanismoek ez baitute parte hartzea bermatzen. Zapalkuntza oraindik oso presente dago rol eta lan banaketetan. Askotan ematen da aldameneko kidea (edo laguna) arerio edo zapaltzaile sentitzea. Beste zenbaitetan, gure burua bera dugu etsai. Horregatik, iritziak ematerako orduan adierazteko denbora edo erraztasunik ez duen jendea ere badagoela gogoan izan behar da, haien ekarpenek pisu eta balio bera baitute, denenak bezala, proiektu eta jendarte horizontala lortu nahi bada. Esaterako, lotsatia den gizon zein emakumeari posti-it batean bere kezka edo iritzia plazaratzeko aukera emanez gero, edo ekarpenak beste modu edo bide batetik helarazteko modua, posible da ideiei bide emateko aukera bermatzea, beste iritzi guztiak bezala aintzat hartuz.
Dena dela, herrigintzako erradiografian badira indargune edo elementu gozoak ere. Identitatea garatzen, aberasten eta norbere gaitasun zein buruan sinisten laguntzen duela, adibidez. Era berean, helburu berarekin batzen den jende eta proiektuak nola eboluzionatzen duen ikustea ederra da, helburu eta proiektu berdinera jendea erakartzeko gaitasuna, hausnarketarako espazioak sortu edo sentitzea, jendea ezagutzea...
Feminismoa herrigintzan txertatzen asmatzen ari gara. Gazte belaunaldietan nabari da aldaketa bereziki, beharra eta ilusioa ardatz dutela. Horren adibide dira hainbat herritan elkartu edo sortzen ari diren emakume gazteen talde edo sareak, herriko dinamika ezberdinetan eraginez (txosna batzordeetan, jaietan, udaletako batzordeetan, gazte edo herri mugimenduetan...)
Feminismoaren printzipio eta balioak
Zeintzuk dira aldarrikatzen diren balioak eta ohiturak? Horien inguruko hausnarketarik egiten al da? Kolektiboetako funtzionamenduan zer nolako eragina du? Herrigintza feministaren printzipio eta balioak nolakoak izan beharko lirake?
Herrigintza feminista izan behar da, askea, feminista ez bada ez delako askea izango, baina oinarriak finkatu behar dira. Aldarri asko daude, baina praktikan ez dira ematen, baliabide, tresna, formakuntza... falta baitago. Eremu, herri eta proiektu ezberdinetan arazo komunak daude, baina ez dago ohikoan esperientziak beste eragileekin konpartitzeko ohiturarik. Printzipio eta balioak bermatze aldera komunikazio irizpideak zehaztea ere komeni da. Oro har, hausnarketarako tartea hartzen dela uste da, egoerari buelta emateko, baina praktikara eramatea falta da, ideia eta praktika asko paperean geratzen baitira. Horregatik, besteak beste, bileren planteamendua eta funtzionaltasuna birplanteatu beharraz gogoeta egin beharko litzake: bileren helburuak, orduak, hitzartzeen aniztasun eta oreka, genero rolak, zaintza... Parte hartzeko aukerak jende guztia aintzat hartuta (adin, perfil...) pentsatu behar dira, egindako ekarpen eta lanak aitortu eta eskertuz. Hala ere, printzipio eta balioak ez dira emantzat jo behar, eztabaidak modu kolektiboan eman behar baitira, taldeko errealitateari egokituta. Honen helburua jendarteko zapalkuntza ez birsortzea da, errespetua, elkartasuna... kolektiboaren garrantzian norbanakoak esanguratsu bihurtzea, eraldaketa inoiz bukatzen ez den prozesu gisa ulertzea. Izan ere, sistema gauzak ez egiteko antolatua dago, zail ikusi eta amore emateko.
Parte hartzea: espazioak, rolak, pertsonak, denborak...
Proiektu orotan daude espazio fisikoak, birtualak eta sinbolikoak. Alabaina, kontuan hartu behar da elkartzean beti ez gaudela denok. Espazioen hautaketa da egin beharreko beste gogoeta bat, normalean, gune itxietara jotzen delako. Toki bakoitzak bere mugak izan litzake, horiek ere aurreikusi behar dira, esaterako, lekuen irisgarritasuna, ikusgarritasuna...
Ohiko beste joera bat da rol bakoitza pertsona bakarrari lotua egotea. Dinamikoa izan behar da lan eta ardura banaketa, mugikorra, pertsonak ez kargatzeko eta inor ezinbestekoa ez bilakatzeko. Aniztasunaren aurrean bakarrera jotzeko inertzia hanka sartzea da.
Denborak generoa du. Ez da kasualitatea parte hartzerako orduan emakume gutxi egotea. Logika kontsumista baten baitan bizitzeak hori da duena. Zaintzak ere denbora bat behar du, eta zaintzeko tartea hartu duenari babesa ematea. Pertsona orok bere burua eta ingurua zaintzea lortu beharko litzake herrigintzan ere. Alegia, hitzordura kale egiten duen pertsonak ez du bere burua erruduntzat edo huts egiletzat hartu behar, ezta justifikatzen aritu behar ere.
Egunerokoan ematen den beste “problema” bat hau izan liteke: pertsona batek denbora asko eman badio proiektu bati, nola kudeatu erabaki guneetan besteek adina indar eta garrantzi izan dezan? Parte hartzea definitzerako orduan, modu ezberdinak aintzat hartu behar dira, ez funtzioak esleitu soilik, balioak denen artean erabaki behar dira. Bakoitzak duen motibazioa eta denbora, “nahi” eta “ahala”, azaleratzearen garrantziaz jabetu behar gara. Era honetan, taldeak, norbanakoen egoera pertsonala taldean landu eta laguntzeko denbora hartuko bailuke.
Komunikazioa
“Izena ala izana, zer dago lehenago, izendatua ala badena?”. Etengabeko mezu bonbardaketa baten erdian bizi gara. Iruditegiaren eragina sekulakoa da identitate zein imajinario kolektiboa eraikitzerako orduan. Hitzez, irudiz, edo ekintzez komunikatzerakoan sexismoa eta estereotipoak birsortzeko arriskuarekin etengabe egiten du talka herrigintzak. Talde barneko komunikazio egoera sexistei aurre egiteko ordua da: pertsonen artean, kalean.... Harrerak, hizkerak, adierazteko moduak eta beste zenbait elementu gakoak dira horretan, baina formakuntza falta sumatzen da herrietan. Komunikatzeko moduek hainbat muga dituzte. Sormena eta tratu ona baliatzea dira klabeetako bi. Eta, ikuspegi feminista txertatzea gure lan eta jarreretan.
Arazoei hitza jartzeko beharra
Tabua da oraindik ere hainbatetan arazoei hitza jartzea. Zauriak ez handitzeko, ordea, ezinbestekoa da. Konflikto edo minei aurre egiteko hezi behar da kidea eta taldea, arazoak identifikatu eta mahaigaineratzeko. Horretarako, naturalki, arazoei aurre egiteko beldurra gainditu behar da, eta arazoei tarte bat eskaini. Hortaz, zaintza, ahalduntzearen parte da. Justifikazio premiarekin hautsi behar da, erruduntasunarekin.
Horri buelta emateko taldeak pertsonak zaintzea bermatu behar du. Bileretan edo eguneroko funtzionamenduetan arazoez hitz egiteko gunea egon behar da, proiektuarekin jarraitzeko norbanakoak konfiantza eta babesa topatu behar du. Proiektuaren zaintzari dagokionez, berriz, talde eta norbanakoaren beharrez jabetu eta horiei erantzutean egongo da osasuntsu egitasmoa.
Botere harremanak
Esperientzia erreferentzialtasunarekin lotua dago oraindik, iritzien mundua orekatzeke dago, eta iritzi eskubidea eta errespetua lantzeke. Botere harremanez hitz egin behar da, ikustarazi, deuseztatzea oso zaila da, beraz, orekatzea da gakoa. Nola, baina? Albokoak boteretuz. Adibidez, kolektibo bat pertsona batekin edo batzuekin identifikatzen bada, nabarmentzeko pertsonak aldatuz.
Ardurak banatzeko dinamikak
Pertsona bakarraren esku zergatik ez utzi koordinatzaile, dinamizatzaile edo aktalari lanak? Ikuspegi zabala izatea -eta beste hainbat kontu- kide orori dagokiolako. Rolak banatzeko modu asko daude. Euskal Udalekutan, adibidez, bilera mahaiaren bueltan egunero toki ezberdinetan esertzen dira kideak, norbere izena dagoen tokian. Txarteletan aktalari, denbora arduraduna... idazten dituzte. Era honetan denbora eta hitzaren kudeaketa, edukien biltzailea... txandakatuz joaten dira, eta harreman pertsonalak aberasten, egunero aldamenean lagun berri bat dutelako. Ordizin, jende berria proiektura batzeko eta eroso sentiarazteko, bilera aurretik pote edo tarte bat eskainiz sozializatzeari ekin zioten; eta positiboki baloratu zuten. Laudioko Txosna batzordean, berriz, arduren banaketetan parekidetasunari eta belaunaldiartekotasunari garrantzia ematen diote, “beterano-berri” bikoteak osatuz, eta elkarrengandik ikasteko sekulako aukera ematen duela diote. Bileren hasieran partaide guztiei bertaratu izana eskertu eta garrantzitsu edo parte sentiarazteak ere badu bere eragina, horizontaltasuna mantentze aldera. Parte hartzeko erak, errespetua, iritziak adierazteko moduak, hitza hartzeko bideak... aipatzea ere konfiantza giroa izateko lagungarria izan liteke.
Batzuek hitzartze eta pisu gehiegi ez izateko ere badira mekanismoak, garbantzu edo kartak banatzea, kasu. Kide bakoitzari 3 karta ematen zaizkio eta nahi dituenean erabili litzake, baina bilera osoan zehar ezingo du bere iritzia emateko botereaz abusatu, bere txandak agortzean ezingo baitu berriro hitza hartu.
Konfiantza giroa nola sortu
Konfiantza giroa sortzeko hasieran jolasak erabiltzea da aukeretako bat, emoziometroa, balorazio dinamikak... Emoziometroan, esaterako, aurpegi triste eta alai bat jartzen da termometroaren punta bakoitzean. Kide bakoitza momentu horretan non ikusten den adieraztean datza jolasak. Nahi izanez gero taldean komenta lezake, beti ere aukera gisa, behartu gabe. Asko dira era honetako dinamikak, aurkezpen edo balorazio jolasak, kasu. Bidean, baina, erresistentzia pila egon daitezke, jende bat deseroso senti daitekeelako. Hortaz, une, kide edo jarreren arabera baloratu eta gauzatzeko kontua da. Kultura ezberdinetan kontaktua ezberdin interpretatzen dela ere ezin da ahaztu dinamikak planteatzerako orduan. Jan eta edanak konfiantza giroa pizten du, konpartitzea iradokitzen duelako. Erosotasun edo norbanako zein taldearekiko konfiantza ezagatik hitz egin edo adierazteko zailtasunak dituzten kideen iritziak jasotzeko, post-itak banatzea da beste tresna posible bat, dinamizatzen dagoenak taldean esan eta beste edozein ekarpen gisa landua izan dadin.
Espazio formalak eta informalak beharrezkoak dira, baina bereizi beharrekoak, erabakiak non hartzen diren ondo definitu behar da. Adibidez, bilera osteko potean gauzak erabakitzeak, kide oro aintzat hartu gabe, botere mailaketa bat dakar. Berdina gertatzen da komunikazio tresnekin, whatsappa kasu. Gaizki ulertuak egoteaz gain, programa hori erabiltzen ez duena kanpo edo baztertua senti liteke. Horregatik, whatsapp edo bestelako komunikazio bideen erabilera taldean definitu behar da, eta errespetatu. Zentzu horretan, 24 orduko arreta edo erantzun beharraren dinamikarekin apurtu beharra dago, erantzuteko erritmoak errespetatuz.
Gauzak aldatzeko moduak aldatzea garrantzitsua da ez birsortzeko. Tresnak ez dira helburu, baina xede bat dute. Bizipenak, entzuketak, kontaktua... lantzea garrantzitsua da. Jolasen ostean gogoeta egiteak askorako ematen du.
Adostasuna eta erabaki ez baztertzaileak gauzatzeko tresnak
Taldegintza bilera unearen aurretik hasten da. Norbanakoa talde sentiarazten duten hainbat dinamika daude: sentimenduen erronda, barne eguraldia (bilera hasi aurretik bakoitzak duen gorputz edo bizi giroa komentatzea, hots, zelan dagoen)... Eguneko gai-ordena eta denboralizazioa jakiteak ere burua kokatzen laguntzen du. Erabaki edo gai potoloen aurrean bakarka ideiak ordenatzeko unea hartzea garrantzitsua da (norbere posizioa pentsatzeko), talde txikietan ondoren landuta eta azkenik talde handian, plenarioan, debate filtratua edo aberasgarriagoa atera liteke. Hiru sekuentzia horiei tartea eskaintzea garrantzitsua da: norberaren ideiak lantzea, talde txikian elkarbanatzea eta talde handian adostea.
Bilerak planteatzeko moduak ere emaitzan zerikusia du. “Eguneko gai ordena eta denboralizazioa” esateak hasieran, esaterako, pertsona taldean eta proiektuan kokatzen laguntzen du; eta desorekak ekiditeko balio du. “Errondak”, aldiz, ikuspegi ezberdinak jasotzeko egokiak dira. “Ideia zaparrada” da parte hartzeko beste ohiko dinamika bat, gauzak kolektiboki erabaki edo sortzeko baliagarria. Bikoteka gairen bat lantzeak parte hartzeko konfiantza sustatzen du, babes dinamika egokia da. “Termometroa”, “baloia”.... eta antzerako jolasek taldean jendearen iritzia edo kokapena ezagutzen laguntzen dute. Ildo beretik, isiluneak irakurtzen ere jakin behar da, tartea utzi, hartu...
Zeregin eta arduren abantailak eta arriskuak
Joxemi Zumalabek bilerako 4 arduradun proposatzen ditu: dinamizatzaile, giro behatzailea, denboraren arduraduna eta aktalaria. Hori bai, txandakatua izan behar dela diote, botere akumulazioa ekiditeko, norbanako oro boteretzeko eta denak parte edo arduradun sentitzeko. Dinamizatzailearen zeregina da puntu klabeak enfokatzea, akordioak lortzen laguntzea, gatazketan bitartekari lanak egitea, edo parte hartzea bultzatuko duten dinamika ezberdinak dinamizatzea. Arriskua botere-gune eta erabakigune bihurtzea da, baina hitzaren monopolioa saihets lezake, eta jarrera dominanteak ikustarazi.
Giro behatzaileak asanblada edo bilerako kideen sentimenduei arreta jarri behar die. Gatazken aurrean giroa lasaitu eta tresna egokiak martxan jartzea dagokio. Era honetan, emozioen kudeaketa lan liteke. Bilera hasiera edo amaieran jolas bidez jorra litekeen zerbait da. Alde txarra: pertsona horrek eztabaidaren haria galtzea.
Ordulari arduradunak, berriz, gai bakoitzari eskainitako denbora kontrolatzea du funtzio. Gaien arteko oreka mantentzeko balio du horrek, gai ordena -eta ondorioz bileraren helburua- beteko dela ziurtatzeko.
Aktalariak, aldiz, bildutakoen erabaki, konpromiso, iritzi eta beste datu garrantzitsuak jaso behar ditu. Abantaila, bilkura modu antolatu eta egokian aurrera eramatea eta erritmoa ematearen berme dela da, baina zeregin horregatik eztabaidaren haria galtzeko arriskua ere badu. Edonola ere, bileren amaieran aktan jasotako ondorioak edo erabakiak gogoratzea komeni da, idatzian jasotakoa eta ahoz esandakoa berdina izateko, alegia, gerora ezberdin ez interpretatzeko.
Desorekak sortzen dituzten rolak
Alabaina, badira gaitasunak muturrera eramanda taldean desoreka sor lezaketen hainbat rol ere. Horien artean daude iniziatiba izatea, informazioaren kontrola, ezagutza teknikoa, presente egotea (fisikoki zein birtualki), hitz egin edo adierazteko gaitasuna eta koordinazio gaitasuna.
Iniziatiba izateak, esaterako, taldetik tiratzeko gaitasuna eskaintzen du, energia ekarpen handia. Besteengan konfiantza izatea, baina, funtsezkoa da ere, proposamenak sistematikoki ez egitea.
Informazioaren kontrola izatea ere oso arriskutsu bihur daiteke, informazio osoa bereganatzen duena ezinbesteko bilakatzen baita. Orekatzeko zenbait idei: ahoz zein idatziz informazioaren transmisioa ziurtatzea, edo informazioa eskuragarri egotea beti (fisikoki edo digitalki, taldeko kide guztien eskura). Hala, menpekotasun jarrerak ekidin ahalko dira.
Gai zehatz batzuetan espezializazioa edo ezagutza teknikoak izateak ezinbestekotasuna ekar lezake. Haatik, ezagutzaren transmisioa taldeetan egitea garrantzitsua da, konpetentzia horiek transmititzea. Horretarako, ezagutza teknikoen eta talde teknikoen zerrenda egin liteke. Hori bai, ezagutza horien inguruko galderak egiten dituzten kideak gutxietsi gabe.
Denok ez dugu denbora bera proiektu bati dedikatzeko. Beti presente dagoen kidearen arriskua gehiegizko ikusgarritasuna da, kontrola (dena daki), eta ondorioz, gune informalak erabaki gune bilakatzea. Orekatzeko zenbait idei: oporrak hartzea, urruntzea, berandutzea, beste afera batzuei duten garrantzia aitortzea... Ezinbesteko hori gabe, gauzak aurrera eramatea da ahalduntzeko bidea. Kontzienteki batzuk bigarren planoan kokatu behar dira beste batzuk lehen planoan jartzeko.
Halaber, hitz egiteko edo adierazteko gaitasunak desorekari bide eman diezaioke sarri. Batek asko hitz egiteak entzuketa eza dakar, besteak moztea. Isiltzen ikasi beharra dago, baita entzuten ere, isiluneak laga behar dira. Hitz egin gabe adierazteko bideak ematea ere garrantzitsua da, post-iten bidez ideiak plazaratzea, emailez ekarpenak edo gogoetan eransteko aukera... Entzuketa aktiboa bultzatu behar da: aldamenekoa entzun eta arretaz segi, eta moztekotan protestatu.
Antzerakoa gertatzen da koordinatzeko gaitasuna duen jendearekin. Datak gogoratzea, bilerak deitzea, egunerokotasunaren ardura izateak egoeraren ikuspegi zabala pertsona baten edo gutxi batzuen artean geratzea dakar. Gertatzen denaren inguruan ikuspegi zabala kide orok izan behar du. Indibidualki zein kolektiboki amesten ditugun gune eta proiektuei heltzeko, beraz, bada nondik hasi.