Honakoa gure herriko toponimia eta kale izenekin loturiko hirugarren iritzi artikulu edo aipua duzue honakoa. Lehenengoa Ugarten eraitsi berri duten etxeari zegokion. Honi dagokionean aipu bat egin nahi nuke. Zenbait pertsonak adierazi didan moduan, gurean Ugarte txikerra izenaz ezaguturiko eraikinak bazuen beste izen bat bederen. Hartan ez nituen gauzak gehiegi endredatu nahi izan eta gure etxeko ekanduari begira idatzi nuen. Har beza kontuan nire ohar hau eta jakin bedi etxe berak Ugarte goikoa izenaz ere ezaguna zela. Mila esker bihotzez oharra helarazi didatenei eta bego honela osotuago aurrekoa.
Bestalde, orain egun batzuk komentatu nuen nola joan den mendeko azken laurdenean, euskara gure herrian berreskuratzen ari ginen garai hartan, gure hizkuntza bultzatzeko asmoz hainbeste kirol, talde- zein leku-izen berreskuratzeko eta euskaratzeko saio egin zen. Eta iritzi-artikulu hartan adierazi nuen eran, beti ez genuen asmatu, nahiz eta gure asmoa “a priori” eta zalantza barik ona izan.
Antzera gertatu zitzaigun, nire ustez, espainieraz “Tres Cruces” izenaz ezaguna genuen leku- zein kale-izenarekin. Garai hartan, nolabaiteko itzulpen zuzena egin bide zen eta euskaraz “Iru Gurutz” izendatzea proposatu omen zen eta hala egin bide zen. Gerora, honekin batera “Iru Gurutzeta” entzuten zen nahiz eta agian azken forma hau ofizialdurik ez egon.
2008an kale-izendegiaren berrikuspen orokor bat egin zuen Udalak eta IRU GURUTZ / TRES CRUCES izendapen ofizial elebidunetik euskara hutsezko izendapen ofizial bakarrera igaro zen; IRUKURUTZETA, hain zuzen (2008ko urriaren 24ko ALHAO).
Txarto daude forma hauek euskaraz? Ba, egia esan ez. Kontuan hartzen ez badugu Euskaltzaindiak “hiru” zenbakia “h”-z idaztea lehenesten duela ederki daude emanda euskaraz proposaturiko forma hauek guztiak (pertsona izenetan eta toponimoetan “h”-aren erabilera ez da beti derrigorrezkoa: Asier; Irune;…); hortaz, zerk bultzatu nau honako ohar hau idaztera?
Askotan ahaztu egiten zaigu Laudio gure herria, herri euskalduna izan dela eta XX mendearen lehen laurdenera arte bertoko hizkerak bizi bizirik iraun zuela. Espainieraren nagusitze soziala XX. mendean zehar gertatu zen. Honen moduko kale izen bat proposatzean, nire uste apalean bertoko hizkuntza ekandua izan behar genukeela kontuan uste dut. Zein da, bada, erlijioaren baitan goraipatu eta gurtu den tortura eta heriotza tresna honen izena gure herriko euskaran?
Argi dugu hitz hau latinetik harturiko mailegua dela. Gure hizkuntzan ditugun jatorri latindarreko izenak, deklinabidearen akusatibo kasutik heldu zaizkigu. Dagokigun hitzaren kasuan, latinaren “crucĕm” formatik datorkigu (“crukem” edo irakurri behar). Hortik espainieran “cruz” hitza dugu (hitzaren bilakaerak badu zer azaldu ebakitze alorrean, baina ez gara hemen luzatuko).
Baina zer dugu euskaraz? Oso era arinean eta orokorrean hitz latindarrak honako bilakaera jasan zuela esan genezake:
crucĕm > cruce > krutze > kurutze > kurtze > gurutze
Euskara estandarrerako, baturako hain zuzen, Euskaltzaindiak “gurutze” forma lehenetsi du. Gure herrian, aldiz, ez zen forma hau ezagutzen. Laudioko euskaran idatzirik ezagutzen diren testu erlijiosoetan eta gure herriko toponimian ez dira gutxi hitz honen lekukotasunak.
Toponimiari dagokionean, “kurtze” hitzaz osoturiko toponimoak ez dira arraroak gure inguruan. Baditugu esaterako “kurtzeaga”, “kurtzelanda”, “kurtziaganoste”, “kurtzegan”,… Eta ezin argiago gure herriko koblakari ezaguna izan zen Ruperto Urkijok bere kantetan laudatu zuen txakolindegia eta bolatokia zituen Gardeako baserriaren izena: “kurtze” hain zuzen.
Bestalde, Laudioko apaizen enkarguz 1828an argitaratzen hasi zen kristau dotrinan, “kurtze” dugu forma bakarra. Gauza bera, 1858an Bonaparteren aginduz euskaratu zen dotrinatxoan eta 1925 urtean Azkuek argitara eman zuen Erizkizundi irukoitza izeneko obran, non aste santuko egunak aipatzean “bariku-kurtze” aipatu zuen.
Ondorioz euskaraz ez dago txarto Irukurutzeta toponimoa, baina ez ote litzateke egokiagoa gure herrian Iru kurtze edota, Irukurtzeta formak lehenestea?
Oharra:
Orain arte esandakoarekin lotura zuzenik ez duen Udalaren iragarki bat heldu zaigu egunotan eta ezin naiz aipu hau egin gabe geratu.
Jakina da Gardeako Santa Kurtze baselizan indusketa lanak egiten ari direla. Aurki bisita gidatuak egingo dira eta honakoak iragartzeko karteletan “Gardeako Santa Krutz” irakur dezakegu.
Nondik eta zergatik erabili du Udalak “Krutz” hitza kartelotan?
Gurutze esateko forma hori ez dut nik sekula ikusi gure hizkuntzan eta kulturan, ez bada “Santa Cruz” apaiza gerrillari ospetsua euskaraz izendatzeko. Kasu honetan argi dago espainierazko abizena nolabait euskaratzeko errekurtsoa dela. Bilakaera, beraz, ez da latinetik eman espainieratik baizik: cruz > krutz. Bestela ez du azalpen logikorik.
Orotariko Euskal Hiztegian, bestalde, agertzen den hurbileneko forma “krutze” dugu. Aipatu hiztegian kontsulta eginda autore bitan dugu forma hori. Batetik Joseph Ochoa de Arin-ek 1713an idatziriko Doctrina Christianaren explicacioa Villa Franca Guipuzcoaco onetan euscaraz itceguitendan moduan liburutxoan. Dotrina honetan “crutze” eta “crutce” agertzen da. Eta bestetik, XVIII. mendeko Utergako katekiman topa dezakegu. Francisco Ondarrak Fontes linguae vasconum: Studia et documenta aldizkariaren 35-36 alean argitaraturiko artikuluan aditzera eman zigun bezala “guruce” behin agertzen da, “gruce” beste behin eta gainerakoetan “cruce” (8) eta “cruze” (2).
Nire uste apalean zuzenago litzateke karteletan “Gardeako Santa Kurtze” aipatzea; edota, euskaran ohikoa den disimilazioari kasu eginez “Gardeako Santi Kurtze”.