Pelikula honen hainbat unetan California Dreaming kantu sonatuaren Bobby Womack en bertsioa entzuten da. Bertsio dotore bezain goxoa dugu hau, lan honen tonu eta asmoekin ezin hobeto egokitzen dena. Izan ere, kanta honen izenburuak ametsei egiten die erreferentzia. Ametsak... ezer ez dugunean, geratzen zaigun bakarra aurrera egiteko amets egitea da. Baita zapuzten direnean ere, irauten duten artean ilusioari eustea baimentzen dutelako, behinik behin. Miaren kasuan, filmea ekoiztea baimentzen duen 15 urteko neskatoa, amets horiek dantzatzearekin dute lotura. Hauxe dugu, hain justu, nire uste apalean jakina!, zinta hau geuri irakasten ahalegintzen dena: ilusioari eustea bizitzaren motorea dela, alegia.
Filme honek 15 urteko nerabe baten gorabehera latzen berri ematen digu. Bere bizitza berez ez da batere erraza, baina dena are gehiago korapilatuko da bere ama mutil-lagun berri batekin irteten hasten denean. Miaren mundua, gorago adierazi dudan moduan hauxe baita neskatoaren izena, zeharo irauliko du pertsona berri honen ailegaerak. Egia esateko, ez dira asko gai honen inguruan burutu diren lan duinak eta hauxe, inongo duda barik, zerbait izatekotan horixe da: egokia. Adoleszenteen giroa egokiro islatzen du zuzendaria den Andrea Arnoldek bere bigarren zinta honetan: Hip-Hop-a, egokitzapen-arazoak, helduekin ulertzeko zailtasunak, motibazio-eza... horiek denak ederto pantailaratzen ditu zinemagile ingelesak. Bestalde, denok bizi izan dugu zinez zaila den adin hori, barren-barrendik ezagutzen dugu zine-aretoan eskeintzen digutena eta, hori dela eta, filme hau erraz iristen zaigu.
Ezin zinta hau ikusi beste zinemagile britaniar baten izena burura etorri gabe: Ken Loach, hain zuzen ere. Antzekotasunak ez dira gutxi, ez. Loachen eran, Arnoldek munduaren zatarkeria erakusten du. Ikusten ditugun parajeak txiro bezain itsusiak dira, inondik ere. Britania Handian burutzen den zineari errealismo soziala deitu izan zaio. Oso ezaugarri zehatzak ditu: jorratzen dituen gai sozio-politikoak, duen dokumental-tonua, guretzako ezezagunak diren aktoreen presentzia, hoztasun bisuala, munduarekiko pertsonaien haserrea... Badago, baina, zinemagile biak lotzen dituen beste kontu bat ere: aktore baten agerpena. Izan ere, Loachen “Un Mundo Libre” (2007) lanean debuta egin zuen Kierston Wareing, zinta honen aktore-multzoan ere azaltzen da.
Aipatutako aktoreak, Kierston Wareingek, amaren rola betetzen du, ez edozelakoa ordea. Familia arazodun batean ama da eta egoera horren erantzule nagusia dugu, gainera. Etxea zikin eta atondu gabe ikusten dugu beti, bizitza sentimental zeharo ezegonkorra du... Hitz batez, ez da oso eredu ona. Bere aurrean halako egoera bizi izanez, ezin Miarengandik portaera eredugarririk espero, ez horixe! Atsotitzak dioen moduan: “Nolako enborra, halako ezpala”.
Andrea Arnolden bigarren lan honen alderdirik sendoena aktoreen lana da, inolako zantzarik gabe. Aipagarria da oso Katie Jarvisek borobiltzen duena, are gehiago bere estreineko pelikulaz ari garela kontuan izanik. Hala ere, denak aritzen dira oso egoki. Guretzako erabat ezezagunak diren aurpegi hauek guztiek zintari behar duen sinesgarritasun-puntua ematen diote.
Zuzendari britainar hau desberdin bilakatzen duen ezaugarria lirismorako duen joera da, errealismo sozial bezalako mugimendu batean batere ohikoa ez dena. Bere lan guztietan, honetan eta “Red Road” (2006) izenekoan, agerian geratzen den eran. Azken pelikula honen sekuentzia eder baten inguruan gauza bera esan leike, hots, errealitatearen erakusteko begirada berezi baten aurrean gaudela, non era poetikoan gordintasun osoa begi aurrean erakusten diguten. Plano-multzo horretan ama eta alaba biek Miaren gustuko Hip-Hop estiloko abesti bat elkarrekin dantzatzen dute, horixe da familia bat izatetik gertuen dauden unea, familia hori desegin behar duten momentua alegia.