2016ko urriaren amaierako erreportajean esan genuen “bukatzear dagoen udako sukarra” zela Pokemon GO, eta zati batean behintzat arrazoia genuen. Izan ere, hasierako shouffle hori hilabete gutxiren buruan hustu zen. Ez ordea guztiz.
Oraindik ere gure kaleetan Pokemon Go jokalariak ikus ditzakegu han eta hemen bueltaka mugikorrari so, munstro txikien ehizan. Gazteak dira ikusiko dituzuen gehienak, baina ez denak. Gazte izandako batzuk ere ibiltzen dira, baina hauek nahiago izaten dute gauez jolastu. Lotsa eta aurreiritziengatik? Laneko eta etxeko ordutegiarekin bateragarri izateko? Auskalo. Baina, ilunabar aldera jokoaren puntu esanguratsu batzuetara hurbilduz gero, jokalari taldeak aurkituko dituzu iturri, edota eskulturaren baten bueltan mugikorrarekin jo eta ke.
Kontua da, jokalari masa minimo bat lortu duela jokoak eta azken aldian argitaratu dituzten berrikuntzekin, jarraitzaile andana bat mantentzea lortu dutela. Kostata, baina Niantic-eko garatzaileek ikusi zuten, nahiz eta Pokemon unibertsoaren aterkipean egindako aplikazio bat izan, marka eta izena baino zerbait gehiago behar dituela jokalarien artean gustagarri izaten jarraitzeko.
Egia da, jokatzeko modu berri bat bezala saldu zutela, errealitate areagotua eta geolokalizazioa moduko elementuak normalizatu zituztela, nahiz eta Pokemon Go ez zen honelako teknologiak integratu zituen lehen jokoa izan. Eta teknologikoki zerbait berria zela erakusteak, jokalari ikaragarri pila gerturatu zituen, baina, jokoaren mekanika oso errepikakorra zen, eta horrekin batera akats askorekin argitaratu izanak bere faktura pasa zion.
Berandu, baina akats teknikoak konpontzeaz gain, jokalarien artean Pokemonak pasatzeko aukera, Pokemon aniztasun gehiago aurkitzeko modua eta bestelakoak sartu dituzte berrikuntza gisa. Etengabeko berrikuntza ezinbestekoa izango du beste hainbat urtetan mantendu nahi badute.