Ibilbide bikaina bete duela esan genezake 57 urteko luiaondoar honek. Estatu mailan hamaika sari lortu ondoren europako txapelduna izatea du helburu Juan Gardeazabal Rotaetxek. Aiaraldea.com-ek berarekin hitz egin du eta bere proiektu, parte hartutako txapelketa eta ehizaren xehetasunei buruz azalpenak eman dizkigu.
Esaguzu Juan, zelakoak dira modalitate hauek?
Kanpoan egiten den kirol-jarduera bat da, ehiza xehearen ordez praktikatzen dena, debekualdia dagoenean edo animaliak umealdian daudenean. Hegazti zein ugaztunen espezien itxurak egiten dira, hegaz edo arineketan ari direnean egiten dutena imitatuz.
Baina zelakoa da zehazki?
Normalean ehiza-ibilbidea landa zabalean praktikatzen diren lehiak dira, baina baita zuhaitz, sasi, pinu edo sastraka artean ere... edozerk balio du. Makina automatiko batzuk jartzen dira, eta horietatik hainbat tamainatako platerak jaurtitzen dira. Makinak urrutiko kontrol batzuen bidez kontrolaturik daude, jaurtitzailea prest dagoenean epaileak makina aktibatu dezan eta platera jaurti dadin, antolatzaileek erabakitako eskemaren arabera.
Zer motatako platerak dira?
Hainbat mota eta tamainatakoak daude, baina gehien erabiltzen direnak plater arruntak dira. Badago “untxia" esaten zaion plater bat lurretik errodatzen duena, eta horrek kolore gorrixka dauka, lurretik zein airetik ondo ikusi dadin.
Zenbat distantziatik jaurtitzen ohi duzue?
Ehiza ibilbidean antolatzaileek jartzen dituzte distantziak, baina modalitate honetan ez dago halako distantziarik, zeren berdin jaurti ahal diozu untxi bati 6, 7 edo 8 metrotik, zein plater bati 50 edo 60 metrotik. Plateren “hegaldiak” eta ibilbidea oso aldakorrak dira, lehia bakoitzean ezberdinak dira eta. Badaude plater batzuk aurretik jaurtitzailearengana datozenak; beste batzuk atzetik aurrera pasatzen zaizkizu, edo gainetik. Barietate handia dago, eta horrek egiten du hau guztia hain polit. Horregatik nabil aspalditik tiroan.
Eta “Kompak” izenekoa, zertan ezberdintzen da ehiza-ibilbidetik?
“Kompak” modalitatea edo “Kantxako ibilbidea” nahiko antzekoa da. Ezberdintasuna da “Kompak” horretan badaudela distantziak. Platerak puntu batetik pasatu behar dira, non platerak jaurtitzailearekiko duen distantziak erregelamenduak zehazten duena izan behar duen. Lehiak tiro-kantxetan egiten dira, eta izan daitezke estaliak edo estali bakoak. 25 platereko serieak erabiltzen dira tiro egiteko. Tiroak bakunak, aldi berekoak edo bikoitzak izan daitezke.
Bietarik zein modalitate da zailena?
Biak dira gaitzak. Ibilbidean guardia baxuan jaurti behar duzu, “Kompak” modalitatean ostera aurrez egin dezakezu. Zailtasuna da Kompak-en, distantzia laburragoak direnez, jaurtitzailearen abiadura oinarrizkoa dela.
Zenbat denbora daroazu praktikatzen?
Ni karkaban jaurtitzen hasi nintzen honetan, baina heldu zen momentu bat erabateko gozamena hartzen ez nuena, nahiz eta emaitzak itzelak ziren. Egun batean Ibilbide eta Kompak modalitateetan aproba egin nuen, eta horretan nabil azken 16 urteotan.
Zeintzuk emaitzak jaso dituzu orain arte?
Gaur egun espainiar estatuko taldean nabil, beteranoen mailan. Senior moduan garaipen asko lortu dut: urte askotan Arabako txapelduna izatea, Euskadiko txapelduna, Espainiako txapeldunordea, eta Andorran bosgarren geratu nintzen Europako Txapelketan. Baina beterano moduan ibili naizen urte bi hauetan oso emaitza onak lortu ditut. Iaz Arabako txapelduna izan nintzen modalitate bietan, Euskadiko txapelduna Kompak-en, Espainiako Kopa irabazi nuen Kordoban, Espainiako txapelduna izan nintzen ibilaldi modalitatean, eta estatuan beste proba askotan izan nintzen garaile. Italian egin zen Europako txapelketan zortzigarren geratu nintzen, eta Frantzian egindako Munduko Txapelketan laugarren sailkatu nintzen, eta ez bazen izango nire txanda izan zenean bota zuen ekaitzagatik, podiumera igoko nintzen seguru. Azaroan Australiara joan nintzen mundialean parte hartzearren, eta hamazazpigarren sailkatu nintzen.
Eta aurten zelan daroazu?
Primeran, urtarrilean hasi nintzen, beste urte batzuetan baino arinago. Inoiz baino gogotsuago hasi naiz aurten arerioak beste urte batzuetan baino indartsuagoak eta hobeak direlako. Urtea hasi zenetik hona, entrenamenduak eta lehiak kontuan harturik, 5000 tiro inguru bota ditut.
Normalean non entrenatzen zara?
Astero Oiartzunera joaten naiz, han daudelako tiroa praktikatzeko instalazio egokiak. Aste barruan egiten dut normalean, asteburuetan lehiak izaten direlako. Fisikoki ere prestatu egiten naiz: egunean-egunean menditik ibiltzen naiz bi edo hiru orduz, nire ehiza-txakurrekin.
Zeintzuk dira 2010erako dituzun helburuak?
Maiatzaren 24an Errusiara joango naiz ibilbideetako Europako txapelketan parte hartzeko. Lan polita egitea espero dut, batez ere aurten lortu ditudan tituluak kontuan harturik: Arabako Txapelketa, Beretta Sari Nagusia eta Espainiako Txapelketan lortu nuen bigarren postua. Aurten norgehiagoka handia den arren, adoretsu nabil eta ez dut baztertzen podium garrantzitsuren batera igotzea. Errusiako Europako Txapelketaz gainera, ahalegina egingo dut mundialetan egoteko, ekainean Italian eta uztailean Zipren.
Diru-ordainik jasotzen duzu?
Berettari eskerrak eman behar dizkiot, beti ematen didalako laguntza, bai eta GB-ri ere, bere ekarpena ere egiten du eta. Lehiari dagokionez, egundokoa da maila honetan jardun ahal izatea, pertsona apartak ezagutzen dituzulako, nahiz eta tiro-kantxetan arerio handiak diren.