Ohiturei eutsiz, aurten ere San Prudentzioko Idi Probak izan dira ikusgai Laudion, oraingoan ere Berrio Kirol Elkartearen eskutik. Apirilaren 28ko proba honetan Aurrekoetxea, Juantxu eta Galderren idiek hartu dute parte. Idi pare bakoitzak 20 minutuko txanda izan zuen ahalik eta untze gehien egiteko, eta Aurrekoetxeren idi parea nagusitu zen Erroke Deunako frogatokian.
Bermeokoek eman zioten hasiera txapelketari eta 42 untze, 4 metro eta 5 zentimetroko marka ezarri ondoren, Galderren idi pareek hartu zuten lekukoa. Laudiokoari luze egin zitzaizkion 20 minutuak, eta idiek ibilitako 19 untzeak urrun geratu ziren bermeotarren markatik. Azkenengo txanda Juantxu laudiotarrari egokitu zitzaion eta idiak indartsu hasi baziren ere, bere animaliek 36 untza eskuratu zituzten azkenerako.
San Rokeko probatokian beraz, Aurrekoetxeak (Bermeo) eraman zuen txapela. Juantxuk (Laudio) bigarren bukatu zuen eta azkenik Galderrek (Laudio) bete zuen hirugarren postua.