Laudio Memoria taldeak idatzitako testua:
Juan Ibarrola Orueta, militar laudioarra 1900. urtean jaio egin zen Laudioko Larrazabal auzoko Gaztainitza Goikoa baserrian.
14 Urterekin Toledoko Infanteria Eskolara sartu, eta laster Afrikako Gerla kolonialetan parte hartuko zuen, bertan hainbat meritu izan zituelarik.
1927an Guardia Zibileko gorpuan sartuko zen, urte horretan bertan gorputz horretako kapitain izendatuko zutelarik. Berak eskatuta, Araba eta Bizkaiko Komandantzietan lan egingo zuen, aipatzekoa da 1934ko urriko greben aurrean Barakaldon izan zuen jarrera, greban zeuden langile askok libre utziz.
1936ko Gerlak Bilboko La Salve-ko koartelean harrapatu egin zuen, eta naiz eta koartel horretan zegoen giroa ez zen oso Errepublikaren aldekoa, Ibarrolak Gerlako lehenengo egunean Bizkaiko Gobernu Zibilean aurkeztu zuen bere burua Errepublikako gobernuari bere zerbitzu guztiak eskaintzeko. Horren ondoren, Otxandio eta Ubideako fronterantza zuzendu zen Bizkaian eratu zen lehenengo armagizon zutabearekin.
Otxandioko Sektorearen arduradun, 1937ko otsailaren 26an Eusko Gudarosteko 3. Dibisioa zuzentzera pasatu zen, Dibisio hori 14 batailoik osatzen zutelarik. Nahiko zabaldurik dago gaur egun ere, gerla bizi izan zuten laudioko biztanleen artean, berari esker Laudion Gerla-fronterik ez egon izanaren ideia.
Euskal lurralde guztiak eta 1937ko udan Santander frankisten esku geratu ondoren, urte horretako irailean Asturiaseko frontean Mazuco zonalde menditsuaren defentsan lan garrantzitsua izan zuen. Mazucon, Santanderreko porroten ondorioz lur jota eta hegazkinik gabe zegoen 6.000 soldadu inguruko armada batekin Cuera-ko serra defenditu behar izan zuen Soltxagak zuzendutako 33.000 inguruko armada frankistaren aurka. 1937ko irailaren 5ean matxinatuek erasoari ekin zioten, eta Ibarrolak zuzendutako gizonek tinko eutsi zioten beren posizioei, irailaren 22an, erabat ahuldurik alde egitera behartuta gelditu zirenerarte.
Asturiaseko frontea erori ondoren, Juan Ibarrolak ihes egitea lortu eta Frankoren armadaren aurka borrokatzen jarraitzea erabaki zuen, oraingo honetan Levante aldean. Aurretik egindako lanagatik, batez ere Mazuco-ko defentsan, Errepublikako Armadazo Teniente Coronel izendatu egin zuten, Errepublikako XXII. Armada Sailaren buru ipini zutelarik.
XXII. Armada Sailaren buru zelarik, Teruel-eko setioan parte hartu zuen, hiri hori defendatzen zuen Rey D’Harcourt koronel frankistak hiria berari errenditu zuelarik, 1938ko urtarrilaren 8an, (Teruel izango zen armada errepublikarrak Gerrate osoan eskuratuko zuen probintzia hiriburu bakarra).
Ondoren, Levanteko frontean arituko zen, Valentzia modu eraginkor batean defendatuz, geroz eta isolatuago eta pixkanaka-pixkanaka gerla galtzen ari zen gobernuaren alde.
1939ko urtearen hasieran bere azkeneko ekintza militar aipagarria burutu zuen, Peñarroyako erasoaldia; Katalunia frankisten esku erortzear zegoelarik eta behin-behineko porrota ageria zela, errepublikak azkeneko erasoaldi bat bota zuen Extremadura alderantza bina helbururekin, alde batetik Frankisten lerroak moztea, (Extremadura harturik, Frankoren menpe zegoen Andaluzia isolaturik geldituko zen), eta beste alde batetik Gerla luzatzea, geroz eta errealago ikusten zen II Mundu Gerla batekin lortu ahal izateko. Erasoaldi horren hasieran, urte horretako urtarrilean Ibarrolak zuzendutako erasoaldiak lorpen ugari izan bazituen ere Queipo de Llano-k zuzendutako armadaren aurka (Lurralde eremu zabala okupatzea lortu zuen), laster, frankisten kontraerasoa helduko zen, otsailaren 4ean lorpen guztiak bertan behera gelditu zirelarik Frankoren armadak Katalunia ia osoa bere esku zuelarik.
Erasoaldi horren ostean Gerra Zibila bukatu egin zen eta Juan Ibarrola Alacant-en preso hartu eta Los Almendros-eko kontzentrazio esparrura eraman zuten behi behinez, ondoren La Albatera-ko kontzentrazio eremura eramateko. Bigarren eremu hau, tristeki famatua egin zen, izan ere bertan zeuden baldintzak oso gogorrak izan ziren (Ur eta elikagai eskasia, torturak eta fusilamentuak…), gerlako preso ugari epaiketen zain oraindik zeudelarik. Egoera latz horietan pare bat hilabete egon ondoren, Alacant-eko Santa Barbara Gaztelura eraman zuten preso, eta Gerla Kontseilu baten ostean naiz eta “Matxinadari atxikimendua” leporatu egin zioten, heriotza zigorra kendu zioten bere osasun arazoengatik (kalte asko eragin zizkion preso izan zenean bizitako baldintzak), horren ordez, 30 urteko espetxe zigorra ezartzeko.
II. Mundu Gerla bukatzean Erregimen Frankistak egindako zigorren berrikustei esker presondegia utzi eta Bilbon biziko zen, ordutik aurrera, baina armadara ez zen itzuliko inoiz, arazo ekonomiko nabarmenekin, lurrinak saltzen emango zuen bere bizitza.
1976ko abuztuaren 21ean Bilbon hil egin zen. Oso pertsona erlijosoa eta profesionala izan omen zen, inongo militantzia politikorik izan ez zuena. Ausardiaren Domina errekonoziturik, J.A. Agirrek “Berarengan gudari gorena eta aberriaren defendatzaile sutsua” ikusten zuela esan omen zuen.