SOS Laudioko Lamuza Parkea

Kasinoko obrek terraza erabiltzea ez dutela ahalbidetuko salatu du SOS Laudioko Lamuza Parkeak

Erredakzioa 2017ko urt. 17a, 08:02

270 metro koadro ditu Kasinoaren terrazak. Argazkia: aiaraldea.eus

SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak atzo baliatu zuen Musika Etxearen irekiera salatzeko Kasinoko lanek ezinezkoa egingo dutela herritarrek terraza erabiltzea.

Plataformak testua eman zien Arabako Foru Aldundiko ordezkariei eta bertan nabarmendu du Jose Luis Catón arkitektoak aurreikusitako proiektuak ezinezkoa egingo duela laudioarrek terrazaz disfrutatzea.

Izan ere, teknikariak prestatu du zaharberritze zientifikoa eta horrek egiturak dauden moduan mantenduko ditu. Ondorioz, jendea ezingo da terrazara igo.

Argudio teknikorik ez

SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak adierazi du urtebetez ekarpenak egin dituela hori ekiditeko eta ez duela ulertzen inbertsio handia egitea eraikinaren erdia konpontzeko.

Plataformaren ustez, ez dago argudiorik zaharberritze zientifikoa gauzatzeko, berez, Kasinoak daukan babes mailak -B kategoria, alegia- ez baitu horretara behartzen.

Ondorioz, SOS Laudioko Lamuza Parkearen aburuz, egitura sendotu edota igogailua jartzeko oztopo legalik ez dago.

Eraikin erdia, 270 metro koadro

Plataformako kideek uste dute zentzudunagoa dela orain Kasinoa konpontzea guztiz, obra zibil handia egikarituko baita. Euren iritziz, gero egitea askoz garestiagoa izango da.

Guztira, 270 metro koadrok osatzen dute terraza eta plataformaren apustua da leku hori baliatzea jarduera kulturalak antolatzeko.

"Arkitektoaren kapritxoa"

SOS Laudioko Lamuza Parkeak Jose Luis Catonen "kapritxotzat" jo du proiektua eta azpimarratu du ez duela ulertzen zergatik teknikari bakarraren iritziak laudioarren kaltea ekarriko duen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide