Analitikak egingo dituzte ikastetxeetan, amiantoa dagoen edo ez jakiteko

Erredakzioa 2017ko urt. 31a, 10:46
Uralita bat kenduko dute Aretako Fabian Legorburu ikastetxean. Argazkia: aiaraldea.eus

Udaletik adierazi dute ezingo dutela amianto guztia aurten kendu, arrazoi ekonomikoak medio.

Uralita plaka bat kenduko dute Aretako Fabian Legorburu eskolatik eta fibrozementuzko plaka batzuk Latiorroko Ikastetxetik. Udan egingo dituzte bi lan horiek.

Laudioko Udalak jakinarazi du analitikak egingo dituela udalaren eraikinetan dauden ikastetxeetan, amiantoa dagoen edo ez jakiteko. Udal eraikin guztietan egingo dituzte azterketa horiek, baina ikastetxeetatik hasiko dira. Amets Meazak adierazi du hitz egin dutela dagoeneko mota horretako analitikak egiten dituen enpresa batekin. “Hitzordu bat jartzea baino ez da falta”, adierazi du zinegotziak, “baina emaitzak jakiteko 2-3 hilabete beharko dira, denbora hori beharko dutelako hartzen dituzten laginak aztertzeko”.

 

2-3 hilabete beharko ditu enpresak laginak aztertzeko

 

Analitika horien helburua da ikastetxeetan minbizia eragiten duen material hori dagoen edo ez ziurtatzea. Analitikak positibo emango balu, neurriak hartuko lituzke udalak, “zutabeak estaliaz edo dagoen amiantoa kenduaz”. Hala ere, Meazak azaldu du ezingo dutela amianto guztia aurten kendu, “arrazoi ekonomikoengatik”. Hori dela eta, zinegotziak adierazi du Eusko Jaurlaritzarekin hitz egingo dutela, ekonomikoki lagundu dezakeen ikusteko.

Latiorroko fibrozementua eta Aretako uralita
Bi dira momentuz amiantoa kentzeko egingo dituzten obrak. Fibrozementuzko plaka batzuk kenduko dituzte Latiorroko Ikastetxetik. Aretako Fabian Legorburu ikastetxean, aldiz, uralita bat kentzeko lanak egingo dituzte. Udan egingo dituzte bi obra horiek. Amiantoz eginiko materialak dira uralita eta fibrozementua.

Obrak ikastetxeetan
Eusko Jaurlaritzak ematen duen diru-laguntza bat baliatuko du udalak Latiorroko fibrozementuzko plakak kentzeko. 27.000 euro baliatuko dituzte obra hori egiteko, Meazak adierazi duenez.  

Beste bost obra egiteko finantziazioa eskatuko dute diru-laguntza hori baliatuta. Horietako bi Fabian Legorburu ikastetxean egingo dituzte. Haur Hezkuntzako eraikineko leihoak aldatuko dituzte (29.400 euroko aurrekontuarekin) eta jolastokiak zolatuko dituzte baita (20.360 euro).

 

152.580 euro baliatuko dituzte sei obra egiteko udal eraikinetan dauden lau ikastetxeetan

 


Lamuza Ikastetxean ere bi lan egitea da asmoa: suteen aurkako azpiegiturak jartzeko (19.620 euro) eta arkupeari zoladura jartzeko (17.500 euro). Helduentzako Ikastetxean, aldiz, eraikinera sartzeko dagoen kasetoia berrituko dute (38.850 euro). Obra guztiak batuta, 152.580 euro inbertituko dituzte.

 

Diru-laguntza tramitatu berri du udalak, eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain dago. Hala ere, Amets Meazak azaldu du azken urteetan eskatutako diru-laguntza eman izan duela jaurlaritzak. Laguntza jasotzekotan, jaurlaritzak obra guztien % 60a finantzatuko luke, eta udalak jarri beharko luke gainontzekoa.


Amets Meazak azaldu du bi irizpide erabili dituztela zein obra egin erabakitzeko: ikasle kontseiluetatik eginiko eskaerak eta legedia berrietara egokitzeko egin beharreko obrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide