Gaur goizean plazaratu du Bilboko Epaitegiak Iñaki Montesen aurkako epaiketaren sententzia. Absolbitu egin dute JEZeko langilea. Beste bi gazterekin batera epaitu zuten Montes iragan astean, 2014ko martxoaren 3an FMIren ordezkariak Bilbora joan zirenean egon ziren istiluetan parte hartzea egotzita. Gazte horietako bat absolbitu egin dute baita, eta besteari 6 hilabeteko isuna ezarri diote, “autoritatearekiko erresistentzia” leporatuta. Bost urteko kartzela zigorra eta 214.500 euroko kalte ordainak eskatzen zizkioten Montesi.
Sententziak ebazten du kontraesanak eman zirela ertzainen arteko deklarazioetan, Montesen adierazi duenez. “Ertzainek topatu zituzten lehen pertsonak atxilotu zituztela ere aitortzen du epaileak”.
“Betiko muntai poliziala”
JEZeko langilea pozik azaldu da sententziarekin, baina azpimarratu du hiru urtez izan dutela epaiketaren zain, eta gaineratu du auziaren atzean “betiko muntai poliziala” dagoela, “ertzainek euren aurpegia garbitzeko eginikoa”.