Laudioko EH Bildu atzo mintzatu zen Ellakuriko futbol zelaiari buruz, CD Laudiok hainbat kidek eskatu baitute belarra ez aldatzeko eta azpiegitura berria eraikitzeko.
Jon Ander Altube alkateordeak argitu zuen duela urtebete baino gehiago abiatu zutela proiektua eta harremanetan egon direla une oro klubekin; CD Laudiorekin zein Altzarraterekin. Izan ere, eurekin hautatu dituzte materialak eta ziurtagiriak, besteak beste.
Ordezkari politikoak nabarmendu zuen obren helburua dela San Martingo kirol instalazioak arintzea eta hobetzea. Horregatik, EH Bilduk nahi du egunero erabilpena izatea Ellakurik belar artifizialaren bitartez, eta ez bi astean behin, orain bezala.
CD Laudiorekin polemika
Altubek argudiatu zuen aspaldi dakiela CD Laudiok zein den helburua eta klubak berak premia adierazi ziola udan burutzeko lanak. "Modu gardenean kudeatu da aldaketa, ez da inolako sekreturik egon" goraipatu du alkateordeak.
Erabakian atzera egiteko aukerari buruz galdetu diotenean kazetariek, EH Bilduko kideak erantzun du kontratazioa oso aurreratua dagoela eta obrak 500.000 euroko inbertsioa beharko duela, aldiz, zelai berria eraikitzeak 1.000.000 inguru.
Mozioa
Hala eta guztiz ere, eztabaida udal osoko bilkurara helduko da, PSE-EEk mozioa aurkeztu baitu CD Laudioko zenbait bazkideren eskaera jasota.