Herrian emakumeen etxe baten beharra dagoela eta hori lortzeko pausoak ematen hasi behar dela. Hori da Laudioko Emakumeen Topaketan egon direnek atera duten ondorio nagusia. Atzo egin zuten topaketa; Jakaranda, Solastiar eta Avillo elkarteek antolatu zuten, udalaren eta Emakunderen laguntzarekin. “2012tik daramagu herriko emakumeen arteko sareak osatzen”, azaldu du Avillo elkarteko Maite Bilbaok, “Emakumeen topaketa ugari egin ditugu azken urteetan, baina hau izan da belaunaldi ezberdinetako emakumeen artean biltzeko egin den lehena”.
12:00etan hasi zen egitaraua, Kultur Etxean. 80 emakume inguru bildu ziren bertan. Begoña Fernandezek hartu zuen hitza. Ermuko Emakumeen Etxeko berdintasun teknikaria da eta etxe horrek Ermuko biztanleengan izan duen eraginaz mintzatu zen. “Parte hartzerako ekimena” egingo zuten gero, Laudion horrelako proiektuaren beharra dagoen aztertzeko.
“Aho batez onartu da emakumeen etxea egitea, denak gaude ados”, ziurtatu du Solastiar elkarteko Aureli Pikazak, eta azaldu du etxe horrentzako bi kokaleku posible baloratu dituztela: “Ia aho batez onartu da Lamuza Parkean kokatzea litzatekeela aproposena, KZ gunea dagoen eraikinean. Baina Nagusien Egoitza zaharrean ere kokatu ahalko litzatekeela esan da”.
Kudeaketa mistoa
Balizko etxearen kudeaketa nolakoa izango beharko lukeen ere eztabaidatu zuten topaketan. Gestio “mistoaren” alde lerrokatu ziren parte hartzaile gehienak; hau da, instituzioek eta emakume elkarteek partekatutako kudeaketa baten alde.
“Foru Aldundiari eta Udalari helaraziko zaizkie ateratako ondorioak”, adierazi du topaketan parte hartu duen Diana Ibargutxik. SOS Laudioko Lamuza Parkearekin ere bilduko dira, proiektuaren aukeren inguruan mintzatzeko.
Jende gaztearen beharra
Antolatzaileak oso pozik azaldu dira ekimenak izan duen harrerarekin. “Baina jende gaztearen presenetzia faltan bota dugu”, aitortu du ekimenean parte hartu duen Tamara Otaolak, “Emakume guztion borrokak amankomunean jartzeko aukera polita izan daiteke hau”.