Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Poesia libreagoa da; askatasuna da sentimendu edota gertaerei hitza jartzea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 25a, 10:31

Argazkiak: Jon Catalan

HAIZEA URKIXO GOROSTIAGAk (Laudio, 2001) irabazi du Urruzuno saria poesiaren alorrean.

Euskal Herrian gazte literaturan saririk prestigiotsuena eman dizute. Ezustekoa?
Bai, ez nuen espero. Bost lan aukeratu dituzte. Saria euskal idazleekin egonaldia da, Elgoibarreko aterpe batean. 20 gazte elkartuko gara.

Lehiaketetan parte hartzen duzun lehen aldia al da?
Bai. Poesia idazten aspaldi hasi nintzen. Oso harreman ona dut Aialarekin, euskara irakaslearekin, berak azaldu zigun txapelketa klasean. Ikasle gehienek prosa idatzi zuten, ni izan nintzen poesia egin zuen bakarra. Poesian bi atal zeuden: DBH 3-4 mailakoena, eta Batxilergokoena. Gure kasuan, Laudio Ikastolako irakasle batek animatuta aurkeztu ginen. Liburutegira joan eta horrela egin nuen.

Noiztik idazten duzu poesia?
Ez dakit, neguan hasi nintzen. Beti gustatu izan zait, irakurtzeko ohitura daukat, baina ez nintzen gai ikusten idazteko. Maitasun kontuengatik ekin nion idazteari, eta ondo ateratzen zitzaidala ikusita, jarraitu egin nuen. Egia esan, poesia da irakurtzen dudan bakarra, beste gauzak ez zaizkit gustatzen, ez didate askorik transmititzen.



“Maitasun kontuengatik ekin nion idazteari, eta ondo ateratzen zitzaidala ikusita, jarraitu egin nuen”



Zer da zuretzat poesia?
[Barreak] Ez nuke jakingo azaltzen. Oraintsu ari naiz poesiaren inguruko lan bat egiten Laudio Ikastolan, poesiarekin. Ikasgelan eskatu digute nahi dugunari buruzko aurkezpena egitea, eta betiko diskurtsoa erabili ordez, sormena aukeratu dut.

Poesian nahi duzuna esan dezakezu, sentitzen duzuna. Poesiak hainbat sentsazio sortzen ditu. Gaur eta bihar testu bera irakurtzeak emozio ezberdinak piz ditzake.

Poesiaren estiloak idazlea mugatzen du, edo libreago sentiarazi?
Ez dut sekula pentsatu estrukturan. Bururatu ahala idazten dut, ideiak paperera ekarri eta ondoren saiatzen naiz politago geratzeko borobiltzen.



Idatzitakoa irakurtzean ideia eta metafora berriak ateratzen zaizkizu. Poesia askoz libreagoa da, hitzek bakarrik pisu handia dute, ez da asko landutako testua, askatasuna da sentimendu edo gertaerei hitza jartzea.

Literatur baliabideei dagokienean ba al da zure estiloan nabarmentzen denik?
Egia esan ez diot horri erreparatzen, ateratzen zaidana egiten dut.


“Gaztelaniaz asko irakurtzen dut, baina beti idazten dut euskaraz, ez  zait erdaraz plazaratzea ateratzen”



Baduzu erreferenterik?
Gazteleraz asko irakurtzen dut, baina beti idazten dut euskaraz, ez zait zait erdaraz plazaratzea ateratzen. Joseba Sarrionandia asko gustatzen zait, nahiz eta oso zaila izan. Ezin dut bere liburu bat bat-batean irakurri, beste idazle batzuena bai. Sarri oso zaila baina erabatekoa da, noizbait berak bezala idaztea gustatuko litzaidake.

Hala ere, ez dut erreferenterik, edozeinen lanak irakurtzen ditut, nahiz eta batzuk gehiago gustatu. Horregatik, eskolan irakurtzeko liburu bat hautatu behar bada, poesiaren alde egiten dut beti, nahiz eta beti ez den posible. Orokorrean, ez zait irakurtzea gustatzen, alfer samarra naiz. Duela bi urte sare sozialetako esaldiek harrapatu ninduten, eta lagunei esaldi politak bidaltzeko liburuak eskatu nizkion amari.

Nola ikusten duzu literaturaren egoera gazteen artean?
Nire koadrilan askok irakurtzen dugu poesia, baina salbuespena gara. Oro har, gazteon artean ez dago ohiturarik. Nik ez dakit irakurtzen duten edo ez, baina ez zaiela interesatzen sumatzen dut, ezer transmititzen ez dielakoan nago.

Poesia idazten duen jendeak pribatuan egin ohi du, blogetan argitaratzen dituzte lanak. Eskualdean ere bada jendea. Nik ez ditut argitaratzen, oparitu egiten ditut. Zentzu horretan nahiko desastrea naiz, ikastolako koadernoetan idazten ditut eta gero ahaztu egiten zait. Drivean gordetzen ditut oso politak badira.



Pentsatu duzu inoiz zure lanak argitaratzea?
Bai, baina ez dut uste aukerarik izango dudanik. Ez dut uste hain onak direnik; lotsa ematen dit, ez naiz ausartzen jendaurrean agertzera.

Zein gai duzu gogokoen?
Maitasunaren inguruan hasi nintzen poesia idazten, baina orain gai gehiago lantzen ditut. Batez ere, sentimenduak indartzen ditut poemetan. Emozioei hitza jartzea kostatzen zaigu. Haserre banago, hori ere adieraztea gustatzen zait.  Nik, pertsonalki, sentitzen dudan guztia esaten dut, ezagutzen nautenek ondo dakite nola nagoen: triste, maiteminduta, pozik, haserre... Idazterakoan ez zait kostatzen. Jende askok horretarako erabiltzen du poesia, azaleratzen ez duena bota eta gustura geratzeko.

Aurrera begira, zein da zure ametsa?
Hobetzea eta noizbait liburu bat argitaratzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide