EH Bilduk leporatu dio EAJri gezurrak esatea eta elkarteak gatazka politikoetan nahastea

Erredakzioa 2017ko uzt. 21a, 14:00

Udal gobernuko kideak, artxibo irudi batean. / aiaraldea.eus

Iñigo Martinez Cerrillo Laudioko EH Bilduko zinegotziak adierazi du zilegi dela kritika egitea, baina salatu du EAJk ez duela egia esan zabaldutako azken bi oharretan.

EH Bilduko zinegotziak azaldu du EAJk bere gain hartu duela ibaia garbitzeko enplegu planaren ideia, baina hori landa eremuko sailean proposatu zela aurretik. Ildo beretik, nabarmendu du EAJk 50.000 euro bideratu nahi zituela ekimenera eta, berez, 92.000 euroko balioa duela, eta horregatik atzeratu dela guztia, neurri batean.

Izan ere, udal gobernu taldeko kideak nabarmendu du jeltzaleek salatu dutela oso berandu gauzatu dela plana. Iñigo Martinez Cerrillok, ordea, ziurtatu du atzerapena URA agentziaren traba burokratikoen ondorioa dela, eta gogoratu du EAJ dela Eusko Jaurlaritzaren arduraduna, eta ez Laudioko Udala.

Apill eztabaida politikoetan
Horrez gain, zinegotziak azpimarratu du EAJk eskatu duela merkataritza eremuan konponketak egitea, nahiz eta EH Bilduk jakinarazi dion behin baino gehiagotan horretan ari dela lanean.

Horren adibidea da Tokiko Garapen Agentziak prestatutako txostena. Horren harira, Iñigo Martinez Cerrillok leporatu dio EAJri dokumentu hori erabiltzea eta Apillekoa izango balitz aurkeztea. Zinegotziaren ustetan, elkarteak eta auzokideak ez dira nahastu behar alderdien arteko eztabaida politikoetan.

Konfiantza urratu
EH Bilduko ordezkariak gehitu du horrelako jokaerek urratzen dutela bi taldeen arteko konfiantza giroa eta oraindik legealdiaren zati handia dagoela aurretik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide