Zenbat urte daramatzazu festetan lanean?
Lau urte, gutxi gorabehera. Hori da hemen daramadan denbora. Laudion bizi naizenez, egiten diren jai guztietan egoten saiatzen naiz. Txirikordak egiten ditut, ile apainketak. Horrez gain, atzazalak margotzen ditut. Aldai plazan jartzen gara. Nik txikitatik egin ditut txirikordak Senegalen, baina munduko orrazkera da, ez bertakoa. Edozein herrialdetan ohikoak dira jada.
Nola bizi dira jaiak kale-lanen ikuspegitik?
Ondo. Momentuaren arabera giro gehiago edo gutxiago egoten da. Kalean lan egitea niretzat jendearekin harremantzeko beste modu bat da, nahiz eta zailtasunak ere izaten ditugun. Jendeak, oro har, interesa du. Nola lan egiten dugun begiratzen geratzen dira.
Zeintzuk dira alde onak?
Giroa ikustea. Era berean, gure kultura beste pertsona batzuei erakusteko aukera izaten dugu. Nire kasuan, gonbidatzen nauten tokietan soilik ipintzen naiz, lege aldetik arazo asko egoten direlako.
“Bilboko Aste Nagusian kaletik botatzen gaituzte poliziek”
Eta txarrak?
Jendearen kritika. Laudion ez zait gertatu, daukagun arteagatik begiratzen gaitu jendeak; hori sentitzen dut nik, behintzat. Bilbon Aste Nagusian kaletik botatzen gaituzte poliziek.
Kale saltzaileen harira, zer dio legeak ba?
Udalaren baimenik gabe, ezin da kalean saldu. Jakina, horretarako, ordaindu beharra dago. Arazoa da askotan ez dela berreskuratzen ordaindu beharrekoa, krisi ekonomikoa dela eta, oso eskas dago kontua. Gerta daiteke ordu batean pertsona bakarra hurbiltzea, eta hortaz, ordu osoan 5 euro baino ez jasotzea.
Zure kasuan, zer dakar festetan lan egiteak?
Denbora eta dirua. Etxean ezer egin gabe egon baino, nahiago dut kalean trentzak eskaini.
Nola ikusten duzu kalean lan egiten dutenen egoera?
Orokorrean, ondo. Nire ustez, ondo tratatzen gaituzte; nire herrikideak gustura ikusten ditut behintzat. Hala ere lan neketsua da, ordu asko eman behar ditugu.
Zure iritziz, zer egin liteke jaietan kulturartekotasuna gehiago sustatzeko?
Ekintza gehiago antolatu behar dira elkarlanean. Guk gauza gehiago egin nahi ditugu, baina inplikatzeko erraztasunak falta zaizkigu.
Hori da behar dena, nahastu eta erlazionatzea. Aiaraldean horrelako dinamikak behar direla uste dut.