Bereziak izango dira aurtengo Latiorroko Jaiak. Ekitaldi berezi bat batuko da ohiko eskaintza bildumara: auzoan ospatuko da Euskal Herriko Marmitako Txapelketa. Ez da hori izango bitxikeria bakarra, 30. edizioa izango baita aurtengoa.
Hirugarren aldiz eskualdean
2003an egin zen Euskal Herriko Marmitako Txapelketa Aiaraldean azkenengo aldiz, Urduñan.
Laudion, baina, 1995 urtean egin da soilik. Gauzak hala, eskualdean egiten den hirugarren aldia izango da Latiorrokoa, eta auzoko jaietan urtero ospatzen den marmitako txapelketaren lekua hartuko du.
Kamaraka kalean izango da zita, irailaren 17an. 10:00etan hasiko da lehiaketa, baina goizeko zortzietatik egongo da bertaratzeko aukera.
Egitaraua ez da kazolak prestatzera mugatuko, beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte, goiza are gehiago girotzeko. 11:00etan marmitako tailerra egingo dute, 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzako. Ez da edonolako ikastaroa izango, Basque Culinary Centerreko kideek dinamizatuko baitute.
Slow Food Arabak ere hartuko parte egitarauan: dastamen laborategia eskainiko du eguerdiko ordu bietan, adin guztiei bideratuta. Herri bazkariarekin eta sari banaketarekin emango zaio amaiera programari.
Latiorro, 30 urteko bidea
30 urte bete zituen iaz Latiorroko Marmitako Txapelketak. 1987 urtean sortu zen, Laudioko Jaietako Untxi eta Tortilla
Gastronomia Txapelketan. Bertan parte hartzen zegoen bikote gazte bati bururatu zitzaion jarduera hori antolatzea. Pentsatu eta egin. Azkar lortu zuen txapelketak ospea eta prestigioa.
1990eko hamarkadan Arabako lehenengo Marmitako Txapelketa egin zen auzoan, 90 kazolaren parte hartzearekin.
Nahiko gorabeheratsua da, baina, Euskal Herriko Txapelketaren parte hartzea. Iaz 69 kazola baino ez ziren aurkeztu, eta beste urte batzuetan 140tik gora egon dira. Izan ere, Laudioko jendeak dilema batekin egin du topo urte askotan:
Latiorrokora edo Euskal Herrikora joatearen artean erabaki behar izan dute, biak egun berean ospatu direlako askotan.
Euskal Herriko txapelketaren 39 ediziotik 9tan Aiaraldeko parte hartzaileek jantzi dute txapela
Hala ere, parte hartze altua egon ohi da Latiorron, herriko hainbat txoko eta koadrila bertaratzen baitira goiza su-gozotan igarotzera. Horregatik, aurtengo norgehiagoka jendetsua izatea espero dutela adierazi dute antolatzaileek, Latiorroko eta Euskal Herriko parte hartzaileak batuko dituelako.
Areta txapeldun
Aiaraldearrek protagonismo handia izan dute Euskal Herriko Marmitako Txapelketaren historian. 39 ediziotik 9tan eskualdeko herritarrek irabazi dute lehen saria.
1986an Laudioko Gau Txoriak taldea geratu zen lehen postuan, eta Rakatapla 1993an. Iaz, aldiz, Orozkoko Beti Jai elkarteak eskuratu zuen saria, 2004an Aretako Ibai Alde taldeak, 2011n Atxarte txokoak eta 2002an Egoskaitz txokoak.
Baina txapeldunen ligan txapeldunik badago, Areta Beti da hori. Hiru aldiz jantzi dute txapela koadrila horretako kideek: 1996, 2003 eta 2008ko edizioetan.