Hasi dira Laudioko Jaiak. Goizean goizetik hasi da giroa berotzen, Baldarrak koadrilak antolatutako gosariarekin. Batukadaren erritmopean kalejira egon da gero, Herriko Plazaraino.
Bertan piztu du Santi Ussiak jaien hasiera suziria. "Etxetik urrun daudenak ia etorri behar direla" aldarrikatu du txupineroak, eta herriko jende nagusiari zuzendu zaio gero: "Urteak izan arren oraindik aukera dugu jaietan parte hartzeko". Horretara animatu ditu herritar guztiak.
Suziria piztuta lehertu da jaia. Hegaka hasi dira gaseosa litroak, eta musikaren erritmopean ekin diote auzokideek herriko kaleetan barrena joango den kalejirari.