Dozenaka emakumek hartu zuten parte atzo Bagara Nor talde feministak eraso sexisten aurka deitutako mobilizazio ez-mistoan. Herriko hainbat kale zeharkatu zituzten, eta Lamuza Plazan eman zioten amaiera ekimenari.
Hainbat eraso jaietan
Mobilizazioaren antolatzaileek salatu dute Txupinazo Eguneko gauean gizon batek hainbat emakume jazarri zituela, eta nabarmendu dute ez dutela "inolako erasorik" onartuko.
"Era pertsonal eta kolektiboan erasotu gaituzte, pankartak apurtu dizkigute, iraindu egin gaituzte eta zalantza etengabean jarri dira gure hitz eta ekintzak", kontatu zuten manifestazioaren amaieran eginiko ekitaldian, baina nabarmendu zuten borrokan jarraituko dutela, "beldurra aldez aldatuko dugu, kaña ematen jarraituko dugu gure bizitzen alde. Kalean ikusiko dugu elkar".